Aizkora Aia
Iker Gorritik uste baino errazago irabazi du desafioa
Uharteko aizkolariak hamahiru minutuko aldea kendu zion Iruntxiberriri
Jon LEUNDA | AIA
Iker Gorritik irabazi zuen atzo Aian jokatu zuten desafioa, hamahiru minutu inguruko aldea kendu baitzion Leon Albeniz Iruntxiberriri. 500 ikusle inguru batu zen norgehiagoka hori ikustera. Iruntxiberrik bi kanako enbor moztu behar zituen erakuslerik gabe, eta Gorritik, berriz, hiru kanako erdibitu behar zituen erakusle batekin.
Ikusmina handia piztu zuen desafio horrek. Lehia berezia zen, gaur egun oso zaila baita desafio batean kanako enborrak mozten ikustea, ez behintzat bi edo hiru. Gero, Iruntxiberrik 69 urte beteta dago, eta Gorritik 22 besterik ez ditu. Horrek berak ere erakargarria egiten zuen saioa. Gorritik, gainera, 16 hilabete besterik ez daramatza aizkora munduan, eta zaleek bere inguruan zalantza asko zituen, eta ikusi nahi zuten nola egiten zuen aizkoran.
Aurreko egunetan dirua Iruntxiberriren alde zegoen, eta atzo ere ez zen aldatu, bere alde atera baitzen. 80 minututan lanak amaitu baietz ere jokatu zen dirua.
Norgehiagokaren norabidea nondik nora joango zen, berehala ikusi zen. Gorriti, bere osaba alboan zuela, oso indartsu hasi zen, eta berahala jarri zen dirua bere alde. Mutil handia da, eta indartsua ere bai, eta urteetan bi kirolariek zuten aldea ere handia zen.
Eskuak apurtu
Uharte Arakilgoak hogei minutu justuan bota zuen lehen enborra, eta Iruntxiberrik, berriz, 38 minutu eta 32 segundotan. Aldea handia zen, eta zerbait gertatu ezean, garbi zegoen garaipena Nafarroara joango zela. Gorriti gazteak, 45 minutu eta 10 segondotan bota zuen bigarren kanakoa. Oraindik enbor bat geratzen zitzaion Uhartekoari, baina eskuak apurtu zitzaizkion, eta odoletan zituen eskuak, eta orduan nolabaiteko zalantza ere sortu zen zaleen artean, kanako bat lan handia baita eskuak apurtuta jarraitzeko, baina Ikerrek ez zuen etsi eta aurrera jo zuen, lanak amaitu eta apustua irabazteko. Ordubete, 13 minutu eta 13 segundo behar izan zituen lana amaitzeko.
Iruntxiberriri, berriz, azkeneko enborrean epaia itxi egin zitzaion eta han denbora galdu zuen. Amaieran, aiarrak, ordubete, 26 minutu eta 14 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko. Iruntxiberrik, hori izango zela bere azkeneko agerrealdi ofiziala iragarri zuen saio horren aurretik, baina berak nahi bezala ezin izan du amaitu, nahiz eta ahaleginik ez zitzaion falta izan.
Amaieran, Iker Gorriti oso gustura zegoen: «Etxean egiten nuena egin dut. Banekien gauzak okertu ezean zenbat denboratan amaituko nituen nire lanak, eta hortxe ibili naiz», esan zuen Uharte Arakilgo aizkolari gazteak.
Hori bai, uste baino errazago irabazi zuela onartu zuen ere bai: «Egia esan, garaitzeko itxaropen osoa ekarri dut, baina ez nuen uste horrenbesteko alderik aterako nionik», adierazi zuen.
Eskuak apurtu zitzaizkionean, ordea, kezka izan zuela ere esan zuen: «Artean asko falta zen lanak amaitzeko, eta lanak amaitu gabe geratuko ote nintzen kezka izan dut, baina animatuta nengoen, eta aurerra egin dut», aitortu zuen.
Atzoko garaipenak aurrera egiteko ere indarra eman ziola onartu zuen: «Dudarik gabe. Lehen desafioa galtzea gogorra izzango zen, baina irabazita aurrera egiteko gogo handia ematen dit», esan zuen Iker Gorritik.
Aizkora apustuak ez dira amaitzen atzo Aian jokatu zenarekin, datorren igandean Asteasun beste bat izango baita. Bertan, Ormaetxea eta Alkizalete I.a izango dira aurrez aurre, eta norgehiagoka horrek ere ikusmin handia piztu du.
Ormaetxea ezaguna da herri-kirol munduan, segan goi mailan baitabil, baina aizkoran ez da inoiz plazaratu, eta apustu batekin ikusi ahal izango da plazan aizkoran lehen aldiz. Alkizalete, berriz, joan den urteko Hirugarren Mailako Txapelketan agertu zen estraineko aldiz, eta datorren igandean horrek ere lehen apustua izango du.