GARA > Idatzia > Euskal Herria

Arlo frankotako gazteak kalean, erasoen aurka eta geroaren alde

Ikasleak, langileak, emakumeak, autogestioa bultzatzen dutenak, etxebizitza duinaren aldekoak... Nafarroako gazteak kalera atera ziren atzo euren egitasmoak desagerrarazi nahi dituztenek egiten dizkieten erasoak salatzeko. Bide batez, etorkizuna antolatzeko borrokan segituko dutela adierazi zuten; euren eskubideak bermatuko dituzten etorkizuna, hain zuen.

Jasone MITXELTORENA |

Nafarroako hainbat gazte taldek duela hilabete bat abiatutako dinamikan atzo manifestazioa egin zuten. Ehunka lagun bildu ziren Autobus Geltokitik 12.30-ean atera zen manifestazioan. Nafarroa Beherea etorbidea bi zentzutan igaro eta Sarasate pasealekuan amaitu zen askotariko aldarrikapenak eta koloreak bildu zituen martxa. Ekitaldi horren xedea gazteek abiatutako egitasmoen aurkako jazarpena salatzea izan zen, eta hainbat arlotan lanean dabiltzan gazteek euren kontrako erasoak gaitzesten dituztela erakutsi zuten. Aldi berean, euren dinamikari eusteko asmoa argi utzi zuten. Nafarroako gazteriaren izenean hitz egin zuten; izan ere, hezkuntza alorrean, lan munduan, autogestioan eta okupazioaren aldeko mugimenduan, etxebizitza duin baten aldarrikapenean, emakumeen eskubideen aldeko borrokan eta bertze hainbat arlotan dabiltzan gazteak joan baitziren protestara. Eragile politiko eta sozialekin izandako harremanen fruitu, hainbat taldetako ordezkariak elkartu zitzaizkien gazteei.

«Okupazioa ez da delitua», «euskal gazteria aurrera», «gazteak gara, ez terroristak», «errepresioa ez da bidea» eta «utzi bakean nafar gazteria» izan ziren manifestariek adierazitako hainbat aldarrikapen, eta bertzeak bertze, amnistia, ikasleen greba egiteko eta unibertsitatean euskaraz ikasteko eskubidea eta Bologna prozesua geldiarazteko eskatu zuten. Salatutako erasoen erantzule UPN eta herrialdeko polizia taldeak jo zituzten. Horien kontrako adierazpenak errepikatu zituzten ibildean.

Ekitaldia bukatzeko, Parlamentuaren aitzinean bildu ziren gazteak, eta bertan adierazpenak egin zituzten: «Azkeneko urteetan ohiko bihurtu da gure iritzia eta hitza kontuan ez hartzeaz gain, gure kontra oldartzea. Arlo askotan lanean ari den sektore garrantzitsua gara jendartean, eta ezin dugu onartu gu horrela tratatzea. Horregatik, gure eskubideen alde lanean segituko dugu», esan zuten. Azaldu zutenez, aipaturiko hainbat arlotan erasotzen diete. Okupazioaren aldeko mugi-mendua dela-eta, Xabier Errea kartzelatzeko «muntaia» eta gaztetxeak husteko «hainbat koloretako Polizia» erabiltzea salatu zuten.

Zerrenda amaigabea

Hezkuntza arloan, aste honetan Eunate institutuan izandako elkarretaratze batean udaltzainek han bildutako ikasle, irakasle eta zuzendariei nortasun agiria eskatu zietela salatu zuten. Horrez gainera, 97ko dekretua dela-eta DBHn greba egiteko eskubidea galarazten dela gogorarazi zuten, adierazpen askatasuna eragozten dutela. Gazte erakundeak kriminalizatzea ere gaitzetsi zuten, eta «Jarrai-Haika-Segi auzian» atxilotutako gazteak gogorarazi zituzten. «Argi utzi dute isilik eta sumiso nahi gaituztela, telebista edo ordenagailuaren aurrean tonto geratzea eta gizartean gertatzen denaz ez jabetzea», ohartarazi zuten.

Lan munduko prekarietatea ere salatu zuten, eta etorkin eta emakume gazteengan bereziki eragiten duen arazoa dela nabarmendu zuten. Aldi berean, etxebizitza lortzeko zailtasuna aipatu zuten. Hizkuntzari dagokionez, «euskara gure hizkuntza heriotzara kondenatu nahian» Gobernuak hartutako neurriak gaitzetsi zituzten. Emakumeen aurkako erasoak ere oroitarazi zituzten; aste honetan Tuteran hil duten andre gaztea adibidez.

Hitzaldian botatako bertsoak zehatz agertu zuen gazteen mezua, honako puntu hauek adierazten dutenez: «Izandu ginen, izanen gara» eta «arnasa ukatzen diguten hortan zutik mantenduko gara».

HAINBAT arlo

Nafarroako gazteriak bere eskubideen alde hainbat arlotan dihardu lanean, eta horietako askotan erasotzen diote. Boterean daudenek euren egoerari eusteko sistema inposatzea eta gainerako ekimenak deuseztatzea salatu zuten gazteek.

atxikimenduak

Salaketarekin bat egin eta euren elkartasuna eta laguntza erakusteko asmoarekin, politikariak, sindikalistak, eragile sozialak eta bertze hainbat taldetako ordezkariak izan ziren gazteen eskubideen aldeko manifestazioan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo