BIXITA GIDATUAK
Bilboko auzoetan barrenako bisita gidatuen programa bihar hasiko da
Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Sailak sustatzen duen «Bilbo: hil bakoitzean, auzo bat» izenburuko bisita gidatuen hirugarren programa hasiko da bihar; Deustuko «errepublika zaharrean» barna antolatutako ibilaldi bat izango da. Ibilaldiak oinez egiten dira, dohainik eta gidari baten laguntzarekin, eta interesa dutenek izena eman eta ikustaldia euskaraz edo gaztelaniaz egin nahi duten azaldu besterik ez dute egin behar. Taldeak 20 lagunekoak izango dira asko jota, eta ordutegi desberdinak egongo dira ostegun, ostiral eta larunbatetan, hiru egun horietan antolatuko baitituzte programatutako bisitaldiak. Ibilaldiak, maiatzean (Deustu), ekainean (Zorrotza), uztailean (Indautxu), irailean (Atxuri) eta urrian (Errekaldeberri) egingo dituzte.