MENDI LASTERKETAK Euskal Herriko Mendi Lasterketen Txapelketako lehenengo proba
Berako maratoi erdia gogorra bezain hunkigarria
Euskal Herriko Txapelketarako baliagarria zen lasterketan Alizia Olazabal eta Ionut Zinka izan ziren garaile. «Loro"-k, Zubietak eta Saralegik omenaldi beroa jaso zuten.
Andoni ARABOLAZA | BERA
Euskal Herriko mendiko lasterketen denboraldi ofiziala pasa den igandean jarri zen martxan. Manttale mendi lasterketa taldeak, Gure Txokoa Elkarteak, Agerre Mendi Taldeak eta Euskal Mendizale Federazioak antolatuta jokatu zen Euskal Herriko Mendi Lasterketen Txapelketarako baliagarria izan zen Berako Maratoi Erdia. 400 lasterkarirentzat prestatutako proba zen, eta kopurua ia bete egin zuten. Hirugarren aldia zuen Berako lasterketak, eta, ohi den legez, 21 kilometroko ibilbidea gainditu behar izan zuten. Lasterketa gogorra zein erakargarria, besteak beste, Manttale eta Larrun mendiak igo behar baitzituzten.
Abiapuntuan, 09:30ean, gaur egungo espezialista indartsuenetarikoak zeuden, eta hori probaren kalitatean nabarmendu zen. Izan ere, bai nesketan bai mutiletan, iaz lortutako errekorrak gainditu ziren. Eguraldiak ere lagundu zuen. Lehenbiziko bi aldietan ez bezala, ez zuen euririk egin. Iragarpenen arabera, tantaren bat edo beste espero zen, baina, azkenean, ateri eutsi zion. Mendi gailurretan, berriz, behe lainoa izan zuten, baina ez zuen eragozpenik jarri. Gainera, tenperatura nahiko atsegina zen; fresko, alegia. Horrela bada, lasterkarien sasoiari eta eguraldi atseginari esker, irabazleek (bigarren gizonezkoak ere) errekorrak erdietsi zituzten.
Bestalde, ibilbidean zehar zein helmugan ikusle asko bildu zen, eta parte-hartzaileek hori asko eskertu zuten. Bitxikeriaren bat edo beste ere izan zen. Bat, bederen, ez ohikoa. Nahiz eta ibilbide osoa ongi markatua egon, hiru lasterkari «galdu» egin ziren. Azpimarratzeko beste berri bat honakoa dugu: Xorroxin irratiak lasterketa osoa zuzenean eskaini zuen.
Kalitate handia
Arestian aipatu dugun legez, mendi lasterkari indartsuenetarikoak izan ziren abiapuntuan. Zerrendan gehienak gipuzkoarrak ziren, baina, jakina, gainerako herrialdetakoek ez zuten hutsik egin. Atzerrikoei dagokienez, katalan eta aragoar batzuk izan ziren, baita galiziar bat ere.
Neska nagusien mailari dagokionez, Alizia Olazabalek ez zuen arazo handirik izan Berako lasterketa irabazteko. Hasi bezain laster ikusi zen bere lehiakideak baino koska bat gorago dagoela eta, horrela bada, buruan jarri zen. Haren atzetik Nerea Amilibia, baina ez zuen ia estutu. Olazabalek oso lasterketa ona egin zuen eta, iaz bezala, helmugan lehenengoa izan zen. Bigarren aldiz jarraian irabazi du, eta bigarren aldiz jarraian egin du denbora onena. Pasa den urtekoan 2:07:43 egin zuen; igandean, berriz, 38 segundo gutxiago egitea erdietsi zuen: 2:07:43. Bigarrena, beraz, Amilibia sartu zen lau minutu eta 38 segundora. Aipatu beharra dago lasterkari hau nahiko justu iritsi zela; izan ere, hortzekin arazoak izan eta nahikoa komeria pasa zituen. Hirugarrena, Igantzin bizi den katalan bat izan zen: Kristina Arbues, 2.16:37ko denborarekin. Beteranoetan, Helena Perezek iazko garaipena errepikatu zuen. Lasterketan bosgarrena izan zen 2:23:07ko denborarekin.
Nesketan bezala, gizonezkoen mailan ere ez zen ezustekorik izan. Bi ziren faboritoak: Fernando Etxegarai eta Ionut Zinka. Hots, lehenengo bi aldietan txapela eraman zutenak, hurrenez hurren. Zinka, bederen, oso sasoiko iritsi zen Berara eta lasterketan zehar ondo baino hobeto ibili zen. Ohi den legez, gasteiztarra ziztu bizian atera zen eta tropelaren buruan jarri zen. Haren atzetik, tarte gutxira, Etxegarai zegoen, baina 21 kilometrotan ezin izan zuen Zinka harrapatu. Manttaleko gailurretik hirugarren postuan Juan Mari Garin igaro zen, baina Patxiku Irazoki indartsu zetorren eta aurrerago gainditu zuen. Irazokik, gainera, oso jaitsiera bikaina egin zuen. Beran lehenengoa Zinka izan zen 1:41:27ko denborarekin; iaz baino 33 segundo gutxiago egin zuen. Bigarrena Etxegarai izan zen 28 segundora; nafarrak ere iazko errekorra gainditu zuen. Eta hirugarrena Irazoki, 1:46:08rekin. Lehenengo beteranoa (laugarrena lasterketan) Garin izan zen 1:46:34rekin. Lasterketa bai baina, federatuta ez dagoenez, ez zuen Euskal Herriko Txapelketan punturik lortutu.
Lasterketa gogor hau bukatu bezain laster, une hunkigarria bizi izan zen. Izan ere, Taillon mendian zendutako Luis Mari Pikabea Loro, Xabier Zubieta eta Xabier Saralegik omenaldia jaso zuten. Gogora dezagun, Loro eta Zubieta izan zirela Berako Maratoi Erdiaren bultzatzaile nagusietakoak. Senitartekoei oroigarri bana eta lasterketako 1, 2 eta 3 zenbakidun elastikoak ere eman zitzaizkien. Dantzarien, bertsolarien eta EMFren ordezkari baten agerraldiaz gainera, Annapurnatik Edurne Pasabanekin bi hitz egiteko aukera izan zen.