Zerbitzu publikoen aldeko mezua nagusi izan da Baionako martxan
Goiz euritsuan, ohiko Maiatzaren Leheneko manifestazioek hartu zituzten atzo Baionako karrikak; CFDT, CGT, FSU eta UNSA sindikatuak buruan izan ziren, eta LAB, atzean. Lehenengoek zerbitzu publikoak babesteaz hitz egin zuten; abertzaleek, «esparru propioaren beharraz".
A. BUTRON | BAIONA
Tradizioari jarraituz, 10.30 aldera abiatu zen Lan Boltsatik Maiatzaren Leheneko manifestazioa Baionan. Martxaren buruan, CFDT, CGT, FSU eta UNSA sindikatuek batera deituriko talde bat joan zen, eta atzean, LABen deialdia izan zen.
«Aurrerapen sozial berrien alde» zioen lau sindikatuek erakutsi zuten lehenengo pankartak. Bestelako aldarrikapen batzuk ere entzun ahal izan ziren martxan; prekarietatearen aurkakoak, denentzat enplegua eskatzen zutenak, edota 35 lanorduko jardunaldiaren aldekoak, besteren artean. Lau sindikatuen deialdian mila lagun inguruk parte hartu zuten.
Deialdi bateratu horretan, LCRko eta Alderdi Comunistako ordezkaritzak ere izan ziren, eta hauteskunde garaia izanik, PS alderdiko ordezkari batzuk ere egon ziren.
Manifestazioa 12.15 aldera heldu zen herriko etxera, eta tradizioak agintzen duenez, bertan mezuak zabaldu zituzten deialdi biek.
CFDT, CGT, FSU eta UNSA sindikatuek zerbitzu publikoak desagertzeko mehatxua salatu zuten. Frantses hutsean egin zuten hitzaldian, lau zentralek azaldu zuten bakar batzuen interesengatik ez zeudela prest askatasun sozialari uko egiteko, eta mugagabeko kontratuak hedatzeko eskatu zuten.
Europan sortu duten sindikatuen konfederazioa dela-eta, langileen aldarrikapenak munduan eta bereziki Europan entzunarazi beharra nabarmendu zuten, egungo liberalismoaren eraginak gelditzeko. Europa osoan kalitatezko zerbitzu publikoak eskatzeko egiten ari diren kanpaina babeste aldera sinatzeko eskatu zieten manifestariei, eta sindikatzeko ohiko deia egin zuten.
«Esparru ekonomiko propioa»
LABek zerbitzu publikoa desagertzea salatu zuen, baita prekarietatea eta lan istripuak, baina euskal langileentzako esparru «sozioekonomiko propioaren» premian zentratu zuen mezua. «Euskal Herrian lan eta bizi eta bertan erabaki» izan zen aurreko aldarrikapen nagusia, eta Euskal Herriko Laborarien Ganberaren proiektua nabarmendu zuen.
Ipar Euskal Herriko langileek presidentetzarako hauteskundeetan bozkatu behar dute, eta haiek aipatu zituen. PSko Segolene Royalek aldaketa gutxi ekarriko duela azaldu zuen, eta Sarkozyk mesfidantza handiagoa eragin duela esan zuen LABek.
«Zerbitzu publikoen alde, eskola publikoa indartu» lelopean, Iruñean egin zuen atzo STEE-EILAsek Maiatzaren Leheneko ekitaldi nazionala. Sindikatu horretako ordezkariek 500 lagun inguruk parte hartu zutela kalkulatu zuten, baina zehaztu zutenez, zaila da atzoko eguneko zenbakirik ematea, martxa euripean izan zelako. Belen Arrondo ordezkariak azaldu zuenez, STEE-EILASek zerbitzu publikoen alde egin du, baina ez zuen ahaztu prekarietatea eta enpresarien etekin handiak nagusi direla oro har. Arlo publikoaren defentsaren barruan, eskola publikoa aldarrikatu zuen, «gizartearen kohesiorako beharrezkoa» delako eta «irakaskuntzan oso egoera prekarioa bizi delako». Manifestazioaren osteko hitzaldian, Nafarroako eta EAEko gobernuei «beren ikastetxeetarako eta unibertsitateetarako baliabide gehiago eta hobeak» eskatu zizkien STEE-EILASek, hezkuntzari eskatzen zaion zeregina «berma dezan».
ESK-k, bestalde, Bilbon egin zuen manifestazioa, eta 200 lagun inguru elkartu zituen; «Langile bat, lanpostu bat» aldarrikatu zuten. «Mozkin ziurrei enplegu prekarioak» izan zuten eguneko mezu nagusietako bat. Enpresariak «errentagarritasun pentsaezinak» izaten ari direla eta lan merkatuak, batez ere emakumeentzat eta gazteentzat, «baztertzailea eta bidegabea» izaten jarraitzen duela salatu zuen.
CGTk, CNTk eta USOk Bilboko kale nagusian barrena egin zuten prekarietatearen aurkako eta justizia sozialaren aldeko protesta, eta leku berean, etxeko langileek «idatzizko lan kontratua», «gehienez 40 orduko lanaldia» eta «soldata duina» aldarrikapenak egin zituzten .
GARA