GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Yolanda JUBETO Ekonomialaria

Prekarietatearen aurkako borroka, erronka nagusia

Ia langileen herenak ez du ziurtasunik enpleguan. Joera hori enpresaren epe luzeko hobekuntzaren kontra doa Lan istripuak areagotzeaz gain, gure gainerako eskubide ekonomikoak zalantzan jartzen ditu

Egungo Euskal Herriko langileen erronka nagusiak aipatzerako orduan, lehendabizi, prekarietateari aurre egin beharra azpimarratuko nuke. Hau da, langileok enpleguan lan baldintza duinak lortzeko bidean egonkortasuna behar dugu, hortaz, behin-behinekotasun gehiegizkoari stop esan behar diogu. Azken hamarkadetan behin-behineko kontratu multzoa gero eta pisu handiagoa lortzen ari da. Dagoeneko ia lagileen herenak ez du batere ziurtasunik izaten enpleguan eta ez lan horiek behin-behinekoak direlako, baizik eta epe laburrean enpresariei merkeago ateratzen zaielako. Halere, joera hori langilearen kualifikazio igoeraren kontra doa, bai eta enpresaren epe luzeko hobekuntzaren kontra ere. Horrez gain, baldintza horietan soldata gehienak oso apalak dira, eta ez esan igoerak, edo gainerako estaldurak. Horrek guztiak ziurtasun eza areagotzen du baita gure bizi-kalitatea ahuldu ere.

Halaber, prekarietateak ondorio larri gehiago ditu. Gure herrian hain hedaturik dauden lan-istripuak areagotzeaz gain, gure gainerako eskubide ekonomikoak (jazarpenetatik libre izatea, soldata duinen aldarrikapena, aparteko orduak ekiditea enplegua guztion artean bana dezagun, lan-ordutegi malguak gure behar pertsonalak eta familiarrak harmonizatzen hasteko, pobreziatik libre izateko eskubidea,...) zalantzan jartzen ditu. Eskubide horiekin batera, adinekoen prekarietateari ere aurre egin behar diogu. Horretarako, pentsio-sistema publiko duinak langile guztiontzat duen garrantzia aipatu nahi nuke. Bai soldatapeko enpleguetan jarduten dutenentzat, bai etxeetan gainerako senideei zaintzen dieten pertsona orori, gaur egun, emakumeak bereziki. Irtenbide pribatua ez da irtenbidea, pentsio-fondo pribatuek langileen arteko zatiketa areagotzen dute eta lubakia handitzen doa, ez badugu guztiontzako sistema publiko duina lortzen.

Bestalde, prekarietateak hain beharrezkoa den langileriaren antolakuntza sindikala ere kolokan jar dezake, ziurtasun ezak langileengan beldurra sartzen duelako. Beraz, sindikatzea ere funtsezko erronka garrantzitsu bat da gure eskubi- deak defendatzeko. Elkartzeak indarra ematen digu langileen eskubideak bultzatzeko, bai Euskal Herrian lan egiten dugun langile guztion artean bai munduan zapaldurik dauden milaka langileon artean ere, zubi lana eginez. Gizartearen bizi-kalitatea zerbait globala da eta guztioi eragiten digu. Azken finean, gehiengoa gara, baina oso zatiturik gaude. Bukatzeko, gogoratu lana ez dela enplegua soilik, gure gizartea garatzeko betebeharrez osaturik dago, eta hor zaintza -eta komunitate- lanak bere funtsezko lekua eskuratu behar du. Horrek enpleguaren antolakuntza berria eskatzen du gure bizitzaren tresna bihurtu beharko dugulako eta ez kontrakoa. Gure boterea elkartasunaren eta elkartzearen ondorioa da. Egun enpresaburu handiek beren epe laburreko etekinak besterik kontuan hartzen ez dutenean, aski dela esateko eta beste enplegu-harremanak eta joko-arauak eraikitzen segitzeko garaia da. Gure kasuan, gainera, gure erabakigune propioa behar dugu, autonomia ez baita erreala langileriaren eskubideak berton negoziatu eta erabaki ez diren bitartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo