GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA ARALARKO LARREEN IREKIERA

Jaia trakestu zuen, baina estimuz hartu zuten abeltzain eta artzainek euria

Maiatzaren lehena egun seinalatua da Aralar inguruko artzain eta abeltzainentzat, egun horretan zabaltzen baitituzte Aralarko larreak. Artzainek ez ezik, inguruko bizilagun hainbatek ere egun kutuna dute, Larraitzen egiten duten jaia izaten baitute hitzordu. Atzo giro atseginik ez bazen ere, ehunka lagunek ez zuten, aterkipean bada ere, egun- edo goiz-pasa ederra egiteko aukera galdu.

Ez zen giro atzo Abaltzisketako Larraitz auzoko parajeetan. Bapo egin zuen euria goizean goizetik, eta termometroaren merkurioa ere baxu antzera mantendu zen. Horiek hala, aterkia, mendiko botak eta zira eder bat soinean hartuta joatea ezinbesteko gertatu zen; hala eta guztiz ere, bero eta lehor mantentzeko nahikoa komeria izan ere.

«Gustuko lekuan aldaparik ez» esan ohi du esaera zahar batek, eta ondo esan gainera, urtero-urtero Txindokiko magalean dauden zelaietara joateko ohitura hartua duten horiek atzo ere ez baitzuten hutsik egin. «Kaskagorrak gaituk gu», esan zion gizon batek besteari, horrek euria eginda ere hutsik ez zuela egin esatearekin batera. Beste batzuek, berriz, umoreko hartu zuten eguraldiaren okertasuna. «Primerako eguraldia da gaurkoa», baitzioen emakume batek aterki artean borrokan zebilela.

Txantxak txantxa, ez zen iritzi bera zuen bakarra. Emilio Gorostidi Abaltzisketakoa da, Larraitz auzokoa, eta hogeita bots bat urte daramatza ganadua Aralarko zelaietara eramaten. Urrian beheko zelaietara ekarri bitartean, paraje eder horietara bi egunetik behin joan ohi da ganaduak arazorik ez duela ikuste aldera. «Begi mina edo herrenik jartzen ote zaien erraparatzera-edo joan behar izaten da», azaldu zuen abeltzain horrek. Aralarko zelaiei dagokienez, apartekoak direla nabarmendu zuen, «oparoak oso».

25 urte Aralarrera joaten

Atzo jaia zapuztu edo bederen lardaskatu bazuen ere, gisa horretako euriteak begi onez hartu ohi ditu Gorostidik «larreei mesede ederra egiten baitie». Badaki bai Larraizko abeltzain horrek euria noiz egin duen zain egoteak eragiten duen ezinegona zer den. Azken uda sasoiak lehor aldetik joan badira ere, orain lau urteko abuztuko lehortea ondo gogoan hartua du. «Gaur kexu gara oso, jaieguna ospatzeko eguraldi eguzkitsua nahiago baita, baina orain egiten ari den euria ondo gustura hartuko genuen orduan», zioen barrezka. Aurten ere atzokoak bezalako euri egunak egitea hobe, 15 bat herrik partekatu eta 3.500 bat hektarea dituzten Aralarko herri-lurrek orotara 18.500 bat ardi, 600 bat behor eta 700 behi inguru hartuko baitituzte.

Inguruko herrietako makina bat lagunek ohitura gisa hartua dute egun horretan egun-pasa joatea; eta goizean goizetik egiten dute, gainera. Hala, hamaikak alderako autoz iritsi eta hura behar bezalako tokian uztea lanak ematen ari zen. Gauean eta goizean goizetik egindako euriak, gainera, bazterrak ondo bustiak zituen, eta zenbait tokitan lokatz ederra zegoen egina.

Zalantzarik gabe, besteren artean, behiak, behorrak eta astoak batzen zituen erakustaldia arretagune nagusi izan bazen ere, talo postua gertatu zen jaiaren beste erakargarri nagusietarikoa, barrenak berotzeko premia itzela baitzen. Iritsi eta berehala, edota bueltaxka txiki bat egin ostean, inor gutxik egin zion muzin mokadu bero bat hartzeari. Gainerakoan, etxeratzeko produktu hainbat ere baziren salgai, tartean, estimu handia duten gozoak eta pastelak, gaztak baita bateko eta besteko minak sendatzeko ukenduak.

Ikusmira ederra eskaini zuten, era berean, artisauek. Galtzerdiak egiten bata, aulkiak osatzen bestea... Tartean zegoen abarkak josten Juan Elgarresta urretxuarra. Afizio gisa hartua du txikia zela aitonak abarkagintzaz irakatsitakoa. Tankera bereko jaietan aritu ohi da galbidean dagoen jakintza hau erakusten. Antzinako erara egiten ditu Elgarrestak abarkak. «Hauei, esaterako, begiak egiten dizkiet aurreko aldean, tradizioak baitio begidun abarkak igandeetan janzten zituztela baserritarrek, eta egunerokoan begirik gabekoak erabiltzen zituztela. Hori esaten dute», esan zuen. Berak jositakoekin batera aitonak orain 60 bat urte egindakoak erakusgai zituen. «Guk egun landutako larrua erabiltzen dugu, baina hauek behi larru naturalarekin eginak daude. Hau da, behia hil, larrua kendu eta lehortzen utzi ostean, bere horretan erabiltzen zen abarkak egiteko». Egun, baina, baserritar gutxik erabiltzen dituzte abarkak, eta, batez ere, dantzari taldeentzat egiten du lan.

Beste ikuskizunetako bat erakusgai zegoen asto taldean topatu zuten bertaratutakoek. Erakargarri bilakatu zen astakume txiki bat; etxeko txikienek eta helduenek ere erreparatu zioten, jada oso noiz- behinka ikusteko aukera baita horrelakorik.

Bi suziriren danbatekoa

Hamabiak jota zirela, larreen irekitzea iragarri zuten bi suziri bota zituzten, eta horien hotsak burrunba egin zutenerako, erakusgarri gisa, hainbat abere abiatu ziren Aralarko zelaietara bidean, behorrak aurretik zituztela. Izan ere, abeltzain gehienek beste bide batzuetatik igotzen dituzte larreetara, La- rraitzen pilatzen den jendearekin abereak aztoratzeko arriskua baita. Mendira igo aurretik beharrezkoa da, ordea, abereak ondo markatzea, eta horretarako beta ere hartu zuten abeltzainek. Hala, nitrogeno bidez inskribatu zieten bizkarraldean aurrerantzean identifikatuko dituen zenbakia.

Jaia orain hamar bat urte egiten hasi ziren, urtean hiru hilabetez larreak itxita mantentzeko erabakia hartu ostean. Hala, eta abeltzain gehienek urrian abereak beheko zelaietara jaisten badituzte ere, urtarrilean ixten dituzte ofizialki Aralarko larreak, parajea indartu dadin. Erabaki hori hartu zuten ezkero hasi ziren maitzaren lehenean jaia egiten. Lehen ospakizuna egin zutenetik joaten da Lurdes Jauregi zaldibiarra bertara, «ikusmira ederra izaten baita». Atzo eguraldia lagun ez zela-eta, goiz-pasa egin eta etxeratzeko asmotan zebilen, baina gainerakoan arratsaldean izan ohi den erromerian ere geratu izan da. «Egun ederra da, ikusmiran ibili, mokadu bat jan eta hemen salgai dagoen jakiren bat erosita joaten naiz gehienetan etxera», zioen. Eguerdi-partetik aurrera bazen bai ikusmira ederrik; besteren artean, Mª Jose Sardon harri-jasotzailearen erakustaldia. Aurretik, berriz, Miguel Almandozek zaldi doma erakustaldia egin zuen. Bertaratutakoek zaldiak zeharka ibiliz edota salto txikiak eginez nola jardun zuten ikusteko aukera izan zuten.

Musika doinuak ere ez ziren falta izan. Goizeko hamarretan hasi ziren trikiti doinuak Larraizko parajeak alaitzen. Arratsalde-partean, berriz, Triki-Jazband bikoteak alaitu zuen erromeria.

Hankak astinduz berotzeko aukera bazen ere, bazkalordurako asko hotzak garbituta zebiltzan eta etxerako bidea hartu zuten. Zenbaiti, ordea, uste baino gehiago kostatu zitzaion abiatzea, auto hainbatek komeria ederrak izan baitzituzten lokatzetatik ateratzeko.

Maider EIZMENDI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo