GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Narancoko Igoera UCI PRO TOUR Tour de Romandía

Koldo Gilek irabazi zuen, Mancebo menderaturik

Saunier Duval taldeko nafarrak azken 300 metroetan aurreratu zuen Relax taldekoa eta Peio Arreitunandia hirugarren sailkatu zen helmugan

U.I. | BILBO

Saunier Duval taldeko Koldo Gil nafarrak urteko lehendabiziko garaipena erdietsi zuen atzo Narancoko Igoeran, Francisco Mancebo (Relax) azken metroetan menderatuta, eta Peio Arreitunandia (Barloworld) hirugarren sailkatu zen.

Alergiek jo zuten joan den astean eta ezinean ibili zen Koldo Euskal Herriko Itzulian lehiatu ondoren. Atzo, berriz, indarberrituta azaldu zen eta sekulako erakustaldia eskani zuen Narancon, 166 kilometro egin ondoren. Izan ere, Mancebo oso indartsu ibili zen eta lasterketa «galduta» ikusi zuen nafarrak, baina helmugatik 300 metrora Relaxekoa harrapatu zuen eta txalotzeko garaipena eskuratu zuen.

Relax taldea zen faborito nagusia eta horrela frogatu zuen errepidean, hasieratik gainera. Hain zuzen, Sevillak burua hartu zuen aurreneko bi mendateetan; hirugarrenean, berriz, Ramirezek (Spiuk), Mancebo berak eta Bernabeu (Fuerteventura) harrapatu zuten, eta euskaldunak atzean gelditu ziren.

Narancon, ordea, Koldo itzel aritu zen eta aurkari denak aurreratu zituen helmugatik bi kilometrora, Mancebo izan ezik. Relaxekoa bakarrik geratu zen buruan eta dena zuen alde irabazteko eta taldearen nagusitasuna agerian uzteko. Edonola ere, pot geratu zen eta Koldok azken ahalegina egin zuen errepidean eta besoak altxatu zituen helmugan. Arreitunandia euskalduna ere ongi lehiatu zen eta podiumeko hirugarren postua zapaldu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo