GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Urrezko lehiaketa

Izeta II.ak eta Izeta IV.ak kubikoarekin erabaki dute Izeta III.aren eta Eizmendiren aurkako norgehiagoka

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Izeta II.ak eta Izeta IV.ak irabazi zuten herenegun Estibalitzen -Gasteiz- jokatu zuten Urrezko harri-jasotzaileen lehia. Neurketa horrek ikusmin berezia zeukan, Izeta familiaren arteko dema baitzen. Azken batean, familia bereko hiru ziren, eta bestea haiengandik oso gertukoa.

Agian, Izeta aita eta semea ziren faborito, eta ez zuten hutsik egin. 125eko zilindroarekin hasi ziren lanean, eta hor Izeta II.ak 22 jasoaldi eman zizkion. Izeta III.ak, aldiz, bi gutxiago. Bigarren lanean, 100eko zilindro zaharra zuten aurrean, eta hari 22 jasoaldi eman zizkion Izeta IV.ak, eta bi gehiago, Eizmendik.

Ondoren, 113ko kubikoa zuten. Bikoteko biek egin behar zuten lan. Batek minutu bat, eta besteak beste minutua, baina erlojurik geratu gabe. Izeta aitak eta semeak 21 jasoaldi eman zioten; eta Izetak eta Eizmendik, berriz, 19. Azkenean, saio horretxek erabaki zuen. Azkeneko lana 100eko bolarekin egin behar zuten, eta hori txanda librean zen. Bi bikoek 28na jasoaldi eman zizkioten. Amaieran, Izeta aitak eta semeak 93 jasoaldi eman eta 10.123 kilo jaso zituzten. Izeta III.ak eta Eizmendik, aldiz, 93 jasoaldi eman zituzten, 9.847 kilo. Lan bakoitza bi minutukoa zen.

Gazteak

23 urtez azpikoen aizkora lehiaketan, Mugertza III.ak irabazi zuen Aldaperen aurka. Hainbat proba egin behar zituzten, eta zutikako enborrean alde handia kendu zion Aldaperi; hori areagotu zuen lan luzean. Amaieran, 11.03 izan zen gipuzkoarraren denbora, eta minutu eta erdi gehiago behar izan zuen bizkaitarrak.

Nafarroako Launakako Sokatira Txapelketa ere herenegun abiatu zen 310 kilotan eta 260 kilotan. Mutiletan, 310 kilotan alegia, Beti Gazte izan zen garaile, saioko tiraldi guztiak irabazita. Berriozar eta Amaiur C sailkatu ziren ondoren, puntuetan berdinduta.

Nesketan, 260 kilotan, Burlata eta Beti Gazte berdinduta geratu ziren sailkapeneko lehendabiziko postuan, eta biek 4,5 puntu batu zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo