GARA > Idatzia > Kultura

UPNAren materialtasunetik ihes egiten duen erakusketa proposatu du Carlos Irijalba sortzaileak

Artistak «Espacios de conocimiento» proposamena izan du erakusgai orain gutxi arte Caja Navarrako Carlos III.a kultur aretoan. Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako zortzi argazki bildu zituen bertan.

Rebeka CALVO | IRUÑEA

«Ez da argazkien erreportaje bat, nire unibertsitatearen gaineko hausnarketa bat baizik. Nire ikuspuntua», adierazi zuen artista iruindarrak.

Izan ere, UPNAk urtebetez unibertsitatearen inguruan lan egiteko proposamena egin zion bertako «tresneria ezagueraren zerbitzura jartzeko», artistaren esanetan.

«Nik asko idatzi ohi dut lan fisikoa egiten hasi aurretik. Eta orain ere lan egiteko modua bera izan da. Nire lana pentsamenduari euskarri fisikoa ematea izan da. Unibertsitateak printzipioz ezaguerara gerturatzea bultzatzen du, baina hau guztia immateriala da eta, beraz, nire lana materiala ez denari euskarria ematea izan da», nabarmendu zuen artistak, alde horretatik.

Hori guztia egiteko, berez eskulturatik datorren artistak UPNA goitik behera ezagutu behar izan zuen; hain zuzen ere, berak ezagutzen ez zituen alderdi asko ezagutzeko parada eman dio lanak.

«Pentsamenduak elkarlotu»

Unibertsitateak sei argazki erosi dizkio iruindarrari, baina erakusketan beste bi eranstea erabaki zuen; haren ustez, horietako bat, gainera, bereziki garrantzitsua zen erakusketaren funtsa ulertzeko: «Unibertsitatera doan bidexka bat da. Ikasle askok erabiltzen dute hara iristeko. Nire ustez, argazki horrek, nahiz eta beharbada ez izan besteak bezain polita, ondo erakusten du nahiz eta pentsamendua oso abstraktua izan, azkenean bakoitzaren buruan eraikitzen den zerbait dela. Pentsamenduak elkartzeko tokia da unibertsitatea; pentsamenduak elkarlotzen diren tokia».

«Espacios de conocimiento» erakusketa apirilaren 30a bitartean izan zuen zabalik, Caja Navarrako Carlos III.a kultur aretoan (Carlos III.a, 46).

Carlos Irijalba oraintxe Valentzian dago, bertako bienalean parte hartzen, eta segituan New Yorkera joango da Point B Artists in residence-n hilabete batzuk ematera. Fundacion Bilbao Arten ere erakusketa indibiduala izango du aurten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo