Jesus pascual Barriro taldeko partaidea
Barriro, Bizkaiko Foru Aldundiko euskara taldea
Urtero bezala errenta aitorpena garaia heldu zaigu. Eta aspaldiko aldarrikapena da errenta aitorpena euskaraz egin ahal izatea. Guk barrirokideok ez dugu aukera hau alferrik pasatu gura eta «barriro» ere errenta aitorpena euskaraz egiteko deialdia egiten dizuegu. Aitorpena euskaraz egi- teko deialdiaz gain, gogoetatxoa egin gura dugu:
1-Dirudienez, erakudeen aldetik, ez da euskararen erabileraren aldeko mugimendurik egin behar. Gizartean ere hedatu eta sustraitua dagoen ideia. Erakundeek errenta aitorpena euskaraz egiteko aukera eskaintzen dute, eta kitto! Erabileraren kontzientziatzioa, eta erabileraren aldeko ekimenak, beste elkarteen zeregina, omen; EHE, Kontseilua...
2-Aitorpena euskaraz egiteko iragarkirik azaldu ez denean, erakundeek hausnarketa egin beharko lukete, Bizkaian gizarteko %20 euskalduna izanda, zergatik ez du %3k baino aitorpena euskaraz egiten? Aitorpena euskaraz egitearen aldeko iragarkiak, ez lirateke bestelakoak izan beharko? Hala nola; «Egizu euskaraz zeure eran, ez lotsatu, gu zurera moldatuko gara eta». Bestalde, jende askok administrazio hizkera ez du ezagutzen, eta askotan ez ulertzearen beldur da. Kasu honetan zergatik ez errenta egiten den bitartean euskaraz aritu, eta amaitu ostean, zalantzak uxatzeko, bi modeloak eman, bata euskaraz eta bestea erderaz? Euskaraz egiteko iragarkia egite hutsa, baino gehiago (eta gehiagotan) egin daitekela pentsatzen dugu.
3-Zoritzarrez, oraindino administrazioen irudia erdalduna da. Bakan batzuk dira ausartzen direnak euskaraz egitera, euskaraz egiten entzun ez badute, edo horren aldeko gonbidapenik ez badago. Horrexegatik uste dugu administrazioak jarraitu beharko lukeela izan euskaraz egitearen aldeko kanpaninen buru.
Ikusten dugunean hizkuntzaren izatea ala ez izatea erabileran dagoenean ez dugu ulertzen administrazioak ahaleginik ez egitea jendeak euskara erabil dezan. Jakina denez administrazioak kanpaniak antolatzen ditu jendearen jarrerak, egiteko erak, zein ohiturak aldatu gura dituenean. Beraz, barriro diogu, euskalgintzan, eta euskal komunitatean kezkarik nagusiena erabilera denean, eta errenta aitorpena euskaraz egiteko aldarria izan denean, Bizkako Foru Aldundiari eskatzen diogu aipatutako kanpania egin dezan. Faltan ditugu aurreko garaiak, errenta aitorpena euskaraz egiteagatik, Aldundiak zorioneko gutuna igortzen zigunekoak.
Erabileraren inguruan, eta honekin neurri handi batean, bat gatoz, Jose Manuel Odriozolak duela gutxi idazten zuen; «Euskara jakiteak ez gaitu euskaldun egiten... definizioaren bila hiztegira jota honako definizio hau agertzen baitzaigu ia beti: `euskalduna euskara dakien pertsona da'. Jakina, definizio horren okerraz berehala jabetzen gara hala ere: ingelesa jakiteak ez gaitu ingeles bihurtzen, edo beste edozein hinkuntza jakiteak ez gaitu hizkuntza horri darion identitatearen jabe egiten... Hizkuntza, ezer izatekotan, ekintza soziala delako, eta ekintza komunikatibo eta kognitibo horren lantegian euskararen hitzik lantzen ez bada, ez dago euskaldunik».
Guk Barriro-tik errenta aitorpena, zein beste edozein idazkia, galdera... administrazioan euskaraz egiteko deialdia egin gura dugu. Edozein arlo bezala, administrazioa ere euskaldun!!!