Hasier Etxeberria 2007/5/5. EL MUNDO
Belarriak eta hortzak
(...) Royalek helburu bat zeukan, Sarkozyren arras ezberdina. Proiektu sinesgarri bat daukala behar zuen frogatu, nor dela Frantzia gobernatzeko, emakume pertxentaz gain, badela gai. Ekonomian, gizartean, nazioarteko harremanetan... zein egitasmo daukan behar zuen erakutsi. Eta egin zuen, bai horixe. Royalek ederki erakutsi zuen Frantzian jada inork ez duela aurrera aterako proiektu sozialistarik. Izatekotan, gehienez ere, sozialdemokrazia apur bat dela egin daitekeena. Humanismoa edo.
Sarkozyk, ostera, beste zerbait zuen xede, berak ez baitauka zein proiektu daukan argitu beharrik. Bera estatu gizon izateko da jaio. Mundu guztiak daki Frantzian Sarkozyk zer egin nahi duen: zergak jaitsi, energia nuklearra bultzatu, inmigrazioari ateak itxi, funtzionario berririk ez izendatu... bai, beste bat zen haren xedea. Ez dela ero paranoiko bat behar zuen erakutsi, badakiela parekoari begiak atera gabe egoten. Eta lortu zuen, horretarako aurkezleei begira hitz egin behar izan bazuen ere. Hala ere, hanka sartu zuen hirutan, Royalen senarraren kontuak aipatu baitzituen era desegokian.