GARA > Idatzia > Jo puntua

Kirmen Uribe Idazlea

Trenak eta hegazkinak

Tom Harrington Trinity College Unibertsitateko irakaslearekin afaltzea egokitu zitzaigun Hartforden. Harritu egin ninduen gizonak, Euskal Herriaren berri ondo baino hobeto baitzekien. Euskal nazionalismoaren historia goitik behera ezagutzen zuen. Jose Antonio Agirreren idatziei buruz aritu ginen hizketan, eta haren bizitzaren xehetasun asko eman zizkidan berak. Errespetu handiz hitz egiten zuen gainera hari buruz, miresmenez. Baita garaiko beste hainbat politikariez ere. Baina ez genuen hitz egin soilik politikaz, kulturaz ere hitz egin genuen, eta euskal kulturaren egoeraz egin zidan itaun, geure ajeez.

Hark esan zidan, nik hitzik aipatu ere egin gabe, nola Katalunia eta Euskal Herriko literaturek Madriletik igaro behar izan duten urte askoan, kanpora atera nahi bazuten. Madril behar-beharrezkoa izan dugula euskaldunok Euskal Herritik kanpo geure lana ezagutarazteko. «Espainian izan nintzen lehen aldian Puerta del Solenera eraman gintuzten. Hantxe erakutsi ziguten errepide guztien hasiera markatzen duen mugarri hura. 0 kilometroa. Esta-tuaren erdigunea zein den azaltzen duen mugarria. Nik orduan ez nion garrantzia handiegirik eman, gaztelania ikasten zebilen ikasle gazte bat baino ez nintzen. Hala eta guztiz ere, urteek aurrera egin ahala Kataluniako eta Euskal Herriko jendea ezagutzen hasi nintzen eta haiekin hizketan. Eta konturatu nintzen turistentzako detaile bat baino ez den harri hark asko eta asko esan nahi duela. Itzulpenekin, literaturak munduan ezagutaraztearekin, mugarri horrekin gertatzen dena gertatu zaizue. Hegoalderako errepidea hartu nahiez gero, Madriletik igaro behar, ekialdeko bidea hartu nahiez gero, Madriletik pasatu behar da derrigorrez automobilean bazoaz. Bada itzulpenekin ere berdin, lehenik eta behin Madriletik igaro behar, gaztelaniatik halabeharrez, ingelesera edo alemanera iritsi nahi bagenuen». Nik trenen sistema erradiala aipatu nion, nola trenen mapa ere bizikleta gurpil baten moduan dagoen antolatuta, erdigunea alde batetik eta bestetik erdigunetik norabide guztietara ateratzen diren trenak. «Errepublika Baltikoetan ere halaxe da» argitu nion «garai batean Tallin Estoniako hiriburutik Riga Letoniako hiriburua joateko trenik ez zegoen, tren guztiek zuten Mosku jomugatzat. Bi hiriak harrabete bidera egon arren, ez zegoen haien artean trenbiderik».

«Eskerrak orain hasi zaretela hegazkinak hartzen, trenak eta errepideak alde batera utzita» jarraitu zuen Tom Harringtonek. «Euskaratik inglesera zuzenean itzultzeko aukera izatea adibidez, edo alemanera, sekulako jauzia da. Sistema erradialak albo batera uzteko behingoz, erdigune bakarrekoak alegia. Hemendik aurrera kulturen arteko harremanek sare-egitura hartuko dute, erdigune askorekin, kolorezko telarrak osatzen joango bagina bezala denon artean».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo