GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Sutan probatu eltzea

Batek daki nondik datorren birusa. Baina egon badago gurean, oso hedatua gainera. Sentitu egiten da gertu, hurbil, ondoan, hurren. Are gehiago, ikusi ere egiten da, plazan, tabernan, basoan, hondartzan, lantegian, bankuan, komunean. Eta entzun, euskaraz gehiago, baina erdaraz ere polito entzuten zaio. Egunez ibiltzen da, gauean legez. Tira, legez esatea ez da egoki kasu honetan. Ehunzangoaren itxurakoa omen da hori. Bai, hainbat Nobel saridun beharko luke batera lanean galdera horrek; denbora luzean behar ere. Eta, beharbada, erantzunik gabe geratuko zen galdera, papera bete huts, hala eta guztiz. Oker egindako galderaren seinale. Hortxe dihardute, txabusina zuria jantzita, lupa begi batean mikroskopioa bestean, birusaren arrastoen nondik norakoen bila, hauteskunde garaian, bereziki, hain arin ugaltzearen kausa jakin-minean; tira! egia esanda, minean gehiago jakinean baino. Bila eta bila ari dira, biruskontrako txertoa patentatu eta merkaturatu aurretik horren eraginkortasuna saiotegian egiaztatu nahian. Baina ezin, birusa ez da une batez ere gelditzen mahaiaren gainean, ihes egiten dio maisuki bisturiari, eta hor doa, ezkerretik ezkerrera, bazterrean den hautestontzirantz eta hara heldutakoan bueltaka hasten zaio, usainka, legelarien amorrurako. Bai birus gogorra gero! hainbeste zerrenda kutsatzeko gogorra behar gero! eta txertorik ez eurek! Prestigek berak ez zituen hondartzak birus honek zerrendak beste kutsatu. Akaso birus horrek zerikusia du antxoaren eskasiarekin? Seguru. Eta Itoizeko lurrikarekin. Eta Esako urtegiaren ezkerreko magaleko arrakalekin. Eta, batek daki, litekeena da, birus hori bertoko klima-aldaketaren atarikoa izatea. Izango ote? Birus kutsatzaile horrek lege-ingurumenaren egiturazko poluzioa utzi du agerian, inoiz baino ageriago. Usain ona ez diot hori hartzen. Are gehiago, hatsa dario demokrazia kirastuari; hats iraunkorra, jakina. Sudurrak aspertu artekoa. Sutan jartzean probatzen bada zelakoa den eltzea, egunotan ikusi beharko hemengo demokrata horien eltzearena, ahoa bete eskubide ibiltzen ohi direnena. Baina ez naiz batere fidatzen batzuek poluzioari aurre egiteko duten kalitate-sistemaz, kalitatea bera etengabe goresten badaude ere. Atera kontuak, kalitatearen ikurra zein eta Q jarri dute! Kalitateko Q! hori dok/n eta!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo