Zirkuito erraldoien harira, ikustaldi xumeagoarik ere badauka argazkiak donostian
DFOTOREN HARIRA IKUSMIRA ETA «SENTSIBILIZAZIO» BEREZIA izan DU EGUNOTAN DONOSTIAK. ARGAZKILARITZA ETA BIDEOA DIRA HORREN ARDATZ. BAINA, PROFESINAL EDO HASIBERRI OROK EZ DU KABIDARIK ZIRKUITO ERRALDOIETAN. HORTAZ JABETUTA, HAINBAT GALERIATAN ATEAK PAREZ-PARE IREKITA DAUDE: ARTELAN XUMEEK ERE ESKAIN DEZAKETE IKUSTALDIRIK HIRIBURUAN.
Izaro AULESTIARTE
MKM Arte Guneak, bere filosofiaren ildoari eutsi eta argazkiaren gaineko talde erakusketa baten bitartez, «garatzeko bidean dauden artista» batzuen lana hedatzeko apostua egin nahi izan du beste behin. Baina, jakitun da, bai, egun hauetan hiriburuan giro berezia sortzen dela: «Donostiako Nazioarteko DFOTO feriarekin denboran bat egin dugu -aitortu dute arduradunek- hiria bisitatzen duten arte-areto kanpotarren nahiz bildumagileen arreta gure sortzaileengana deitzeko asmoz».
Argazkilari gazteen talde-erakusketa da Groseko gunekoa, eta «barne hartzen dituen artelanak kalitate tekniko eta artistikoarengatik aukeratu» dituztela nabarmendu du Mikel Berezibarrek. Obren egileak Alicia Conde, Fernando Dominguez, Goiuri Aldekoa-Otalora, Isidro Lazaro, Javi Muñoz, Jose Luis Irigoien, Jose Miguel Llano, Mikel Roson, Piko Zulueta, Sergio Verde Peral eta Txelu Angoitia dira, gehienak ere Bizkaikoak -nahiz eta Gipuzkoakorik edota Cantabriakorik ere tartean den-. «Gehienak hasiberriak dira, eta batzuek lehenbiziko aldiz erakusten dituzte orain beren lanak. Funtsean, zirkuito profesionaletik kanpo dauden artista hasiberriekin egin nahi genuen erakusketa hau, maila ona dagoela ere erakutsi nahian. Oso pozik gaude, maila altua dutelako artista horiek. Lanen salneurriei dagokienez ere, eskuragarriak dira oso», zehaztu du.
Hain zuzen ere, filosofia horrekin ireki zituen ateak MKMk 2004an. «Nolabait, arte alternatiboa erakusten ari garela esan genezake. Bada zirkuito zehatzekin bat ez datorren biztanleria artistikoaren zati bat, eta, horrenbestez, aukera erakargarri bat da hau jende horren lanak ikusteko betarik ez duen publikoarentzat, ez baitute horiek erakusteko espaziorik izaten-eta», gogorarazi du Berezibarrek. Bada, DFOTO bezalako hitzordu handiek onurarik eskaintzen dietela ere aitortzen du segidan: «DFOTOk batez ere hiriaren testuinguruan motibazioa ekartzen du. Argi dagoenez, hiria askoz ere gehiago motibatzen da hori bezalako ekimenekin, eta askoz sentsibilizatuago dago artea ikusi, ikuskatu edo horretan parte hartzeko orduan. Horregatik, `tiratze' hori baliatuta, egia esan, geuri ere egoera normal batean Donostian erakar dezakegun baino jende gehiago erakartzeko aukera eskaintzen digu», aipatu du.
Hori guztia kontuan hartuta, beraz, MKM Arte Guneak gustora hartzen ditu argazkilaritzaren nazioarteko azoka bezalako hitzorduak, nahiz eta bakoitzak bere ibilbide eta filosofiari eutsi eguneroko jardunean. «Positiboa da, bai. Artistak promozionatzen saiatzen gabiltza gu, eta nolabait `gurditik tiraka' ari garela esan daiteke. Gure ustez pixka bat ahaztuta dagoen espazio bat betetzen ahalegintzen gara. Artisten ibilbidearen hasieratik zirkuitu profesionalerako tartean bada etorkizuneko artistak behar bezala tratatzen ez diren tarte bat. Eta, hori hala izanda, halako egoerei etekinik ateratzeaz aprobetxatu behar gara», laburbildu du Mikel Berezibar arduradunak.
Gros albo batean utzi, eta hiriburuko Alde Zaharreko Ekain Arte Lanak galerian ere irudiaren esparruan murgilduta jarraitzeko beta dago egunotan. Bertan, Idoia Unzurrunzaga donostiarrak (1968) «Hezurgabekoak» erakusketa aurkezten du, DFOTOrekin denboran «apropos» bat egiten duena.
Jakin badaki egunotan Donostian jende asko ibiltzen dela, bai eta «hiriko galeriek argazki erakusketak eskaini eta erakusteko aprobetxatzen» dutela ere. Aitortzen duenez, nolanahi ere, berari gehien interesatzen zaiona funtsean bere lana jendaurrean erakustea da; «zure ezagunek behintzat zure lana ikusten dute, eta horrek ere badu garrantzia. Egiten zaudenean jendeak ikustea da gustatzen zaizuna».
Erakusketa horretarako argazki-gaia hezurgabeak dira. «Naturaren edertasuna eta errespetua kontuan hartuta», beraz, material trasluzidoa asko interesatzen zaiolako hezurgabeak aukeratu dituela azaldu du. Bere lanek agertzen dituzten irudi bereziak, bada, uretako hezurgabeko animalien -medusak, esaterako- bidez lortzen ditu artistak, baina ez dira uretan ateratako argazki soilak, efektu bitxiak ageri dira-eta Ekainen ikus daitezkeen azken emaitzetan.
Zaila da artelanen atzean dagoen prozesua laburbiltzea. Katea hondartzan hasiko litzateke, bertatik hezurgabea hartu eta etxera eramaten baitu donostiarrak. Gero, argazkiak egiten ditu mantso-mantso, argiztatu eta izakiaren formak eta bestelakoak lasaitasun gehiagorekin begiratu eta «pixka bat partidua ateratzeko». «Sorpresa izan daitekeen zerbait ere bada -azaldu du-. Askotan fija gaitezke izakian orokorrean, eta gero xehetasun txikietan ez gara fijatzen. Horretan sartzea nahi izaten dut, izaki horietan zerbait gehiago ikusteko, edo infomazioa emateko. Formak ere erakargarriak dira niretzako, eta ni ere harritu egiten naiz gero».
Bi urte inguru daramatza Idoia Unzurrunzagak orain aurkezten duen seriarekin lanean. «Argazkilaritza errealitatearekin bat dator, eta hemen nik uste dut jokatu egiten dudala», aipatu du. Izan ere, argazkia egin eta gero, sormen prozesuak aurrera jarraitzen du-eta. Horren ostean, adibidez, kopiak egiten ditu donostiarrak eta horretarako aukeraketa zehatza egin behar izaten du materialekin. Tintaren eragina, dirdirak, matizatuak, argien araberako distira jokuak... Orotara 30 lan eraman ditu Ekainera, formatu eta tamaina ezberdinetakoak.
«Interesatzen zaidana izakiak abstraitzea da, ez dadila errekonozitu, eta abstrazkio horretan berak dituen formak eta garrantzia har dezaten. Oso ezaguna den izakia du atzean honek -dio hemen goian ageri den medusa baten inguruan sortutako arte-lanaz-, eta hala ikusita abstraktua dela ere pentsa dezake batek. Ez da iruzur bisual bat, baina bai joko bat. Zergatik jakin behar da, bada, zer den zehazki? Interpretazioa irekita uzten duzu, guztientzat. Estimulua, iradokizuna... horiekin jokatzea ere bada», agertu du.
Argazkilari profesional bezala aritzen da artista hori, Arkitektura sailean espezializatuta. Dena den, erakusketa kolektiboetan jardundakoa da maiz, eta bakarka aurkezten duen laugarren aldia ere badu honakoa.
Egunotan argazkilaritzari eta bideoari keinu egiten dieten galerietako beste bat Arteko da. Horrek ere DFOTOren «bisita» baliatu dute Kyungwoo Chun-en norbanako erakusketari ateak zabaltzeko. Artista korearra (Seul, 1969) nazioarteko autore interesgarrienetako bat da egun. Duela bi urte ere Donostian izan zen DFOTOn parte hartzen, baina ez zuen argazkilari gisa jaso gonbitea, performance bat egiteko baizik. Oraingoan, dena den, bere azken lana ekarri du Artekora: «Versus 2006-2007»; kolorezko argazkiekin egin duen lehenengo seriea.
Aurreko beste lanen antzera, giza-harremanekin eta denbora kontzeptuarekin lotuta dago hori ere. «Ren» antzinako hitz txinatarrean inspiratuta dago; haren sinboloak ibiltzen ari den pertsona baten antza du, eta esanahia gizakia litzateke. Alegia, hitza inor ere ezin dela bakarrik bizi dioen ideiatik sortu zen, beti besteak behar direlakoan. Hala, hortik abiatuta, artistak 30-45 minutuz bata bestearen gainean apoiatuta dauden emakume bikoteei atera dizkie argazkiak serie honetarako. Bere esanetan, «bata ez da sostengatzen bestearen gainean euskarririk ez badu, eta beren jantzien eta ileen koloreak nahastu egiten dira espazioarenarekin iraupen handiko argazki erakusketaren bitartez». Halakoak oinarri hartuta gogoetarako deia egiten du, norbanakoaren existentzia eta denbora unibertsalaren arteko harremanaren gainean. «Ez diot argazkia egiten ikusten dudanari, existitzen dela uste dudanari baizik», dio Kyungwoo Chunek.
Hori bezain bitxia izan daitezkeen beste serie batzuk ere ekarri ditu. Gainera, bideoan egin duen azken lana ere aurkezten du: «INTO -euskarria ala zama-, 2005-2006 (7´12»)», zehazki Artekon publiko donostiarrarekin egin zuen performance-tik abiatuta. Horiek hala, ostiral arratseko inaugurazioan ere performance berri bat egin nahi izan zuen, «Live Performance» izenburuarekin.
Arteko galeriako Cristina de la Fuentek azaldu duenez, beren erakusketak DFOTOrekin bat egitearena aspaldian pentsatua zuten. Bitxia bada ere, gainera, artista korear hau feria horretan ezagutu zuten estreinakoz lehen edizioan, eta hantxe hasi ziren hartu-emanak oraingo zein orain bi urteko erakusketak prestatu ahal izateko. «Abantaila handiak eskaintzen ditu DFOTOk. Interesgarria iruditzen zait, gainera, feriarekin bat eginez Donostiako bestelako galeriek, edo kultur munduan dabiltzanek ere, argazki erakusketak antolatzea eta hala bultzada ematea guztiari. Izugarri gustatzen zait -gaineratu du- Donostia egun hauetan irudiaren hiri bihurtzea. Positiboa da oso hiriarentzat, galerientzat eta feriarentzat ere bai. Gainera, argazkiaren disziplina ezagutarazi egiten da horrela. Abantailak handiak dira».
Agian kritikoago agertu dira Kur galeriakoak, ordea. DFOTOko arduradunek, egunotan Donostia «irudiaren hiri» bilaka zedin, galeria eta arte guneei ere bideoaren eta argazkiaren gaineko erakusketak antola zitzaten deialdia egin zieten martxoan. Eta, erronkari laster eutsi zioten Kurrekoek ere bai. Hain zuzen ere, Ouka Leele (Madril, 1957) ospetsuaren erakusketa inauguratu berri dute.
Dena den, Maite Murillok azaldu du nolabaiteko gabezia edo hutsune antzeko bat ere sentitzen dutela egunotan. «Nire ustez, behintzat, feriako zuzendaritzako kideek kolekzionistekin-eta ibilbide antzeko bat egin beharlo lukete, baina ez DFOTOn bertan bakarrik, baizik eta hirian egun hauetan argazkilaritza erakusketak antolatzen ditugun galerietatik pasata ere. Azkenean gehienok prestatu dugu zerbait», gogorarazi du.
Bien bitartean, Kurrren bisita daitekeen erakusketak Ouka Leeleren argazkiak biltzen ditu: batzuk zuri-beltzean eginak dira, eta beste batzuk, aldiz, artistak berak akuarelaz eskuz koloreztatuak. Orotara 16 artelan ikus daitezke, eta formatu txikiko 25 lanez osatutako talderik ere bada -lau bat argazki originalak direla nabarmendu dute arduradunek-. Osterantzean, artistak papelean egindako marrazkirik ere badago.
Maite Murillok laburbildu duenez, tematika aldetik ez dago gai konkreturik lan hauetan: «80ko hamarkadatik gaur egun arteko artistaren lan ibilbidearen errepaso antzeko bat dela esan genezake». Hain zuzen ere, Ouka Leeleren prozesu plastikoa 80. urtearen bueltan hasi zen, eta autorea hamarkada hartako ikono gisa ezagutzen da oraindik ere. «La movida» moduan ezagutzen den haren une zehatzak, egoerak, pertsonaiak eta tokiak kaptatzeko agertu zuen gaitasuna gerora intimoagoa den edukietaruntz bideratuko zuen, bere kontu pertsonal eta sentsorialekin erlazionatutakoetara. «Lehenengo irudia sortzen dut, eta gero argazkia. Kamara nik lehendik sortu dudan zerbaiten erregistro gisa, eta pintatzeko base bezala erabiltzen dut. Antzerkia, irudimena, pintura eta argazkiaren arteko nahasketa bat da nire obra», azaldu ohi du artistak. Egun, bere jarduerak oro har bi alderdi nagusiren artean du oinarri: erretratua eta naturarekiko bere barne-harremana eta emakume mundua.
Horiek, beraz, MKMk, Ekainek, Artekok eta Kurrek irudiari egunotan egiten dioten ekarpena. Nolanahi ere, hiriburuak askoz gehiago ere eskaintzen du, bai DFOTOn, bai kanpoko gune xumeagotan ere. Guzti-guztiak izendatzea zaila izanik ere, hona hemen zenbait aukera: Paloma Navares-en irudiak, Altxerrin; Roberto Botijaren «Transurbancia», Ivasfot galerian; Jose Maria d´Ornellas-en ur azpiko irudiak, Galeria 16-en; Jose Ramon Amondarainen «Sin fin. Islaren isla», Koldo Mitxelenan; «Electrones libres», Tabacaleran; Isabel Muñoz, Kubon; Julio Cortazar, Okendon; Jose Manuel Bielsa, Sala Boulevarden; Jose Maria Bermejo, Gipuzkoako Argazkilari Elkartean; Uwe Ommer, FNACen.
Taldekakoa
Lekua: MKM Arte Gunea (Renteria 9, baxua).
Ordutegia: 11.30-13.30, eta 17.00-20.30.
Noiz: Maiatzaren 7a arte
«Hezurgabekoak»
Lekua: Ekain Arte Lanak (Iñigo kalea, 4. Alde Zaharra).
Ordutegia: 11.30-13.30, eta 17.30-21.00 (igandeetan ez).
Noiz: Ekainaren 20a arte
«Versus»
Lekua: Arteko Galeria (Iparragirre, 4).
Ordutegia: 11.00-13.30, eta 17.00-20.30 (igandeetan ez).
Noiz: Ekainaren 16a arte
«Ouka Leele»
Lekua: Kur Galeria (Zurriola pasealekua 6).
Ordutegia: 10.30-13.30, eta 17.00-21.00 (igandeetan ez).
Noiz: Uztailaren 4a arte