GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hezkuntza akordioa gauzatze bidean aurrera doaz eragileen hausnarketak

Euskal Herri osoan izan beharreko hezkuntza sistemaren gutxiengoak biltzen dituen oinarrizko akordioa hizpide harturik, Nazio Eztabaida Guneko Hezkuntza Batzordeak jardunaldiak antolatu zituen atzo Donostian. Oinarria hori bazen, helburua bestelakoa: maila teoriko-zientifikoan jasotako hausnarketak, praktikan Euskal Herriko hezigune guztietan nola gauzatu behar diren eztabaidatzea.

Gari MUJIKA

Nazio Garapenerako Biltzarreko Hezkuntza Batzordeak sustatu eta hainbat eragilek adostu duen Euskal Herriko oinarrizko hezkuntza akordioa praktikan nola gauzatu daitekeen hausnartzen ari dira hezkuntza komunitateko elkarteak eta gizarteko eta sindakalgintzako zen- bait eragile. Akordioaren gauzapena diseinatzeari begira, atzo, Donostiako Ibaetako Unibertsitateko campusean jardunaldiak egin ziren eta hamarka lagunek hartu zuten parte. Emandako eztabaidetatik zenbait ondorio atera zituen. Bat nagusia: ara- zoak aurkitu arren, egingarria dela.

Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistemaren inguruan emandako eztabaida askoren ondotik adostu zuten eragile ugarik aipatutako oinarrizko hezkuntza akordioa. Gutxien-goen inguruan aritzen da, berari eztabaidarako abiapuntu bezala baliatzeko tresna izaera eman nahi izan diotelako. Baina ondoren etorri beharreko lanak aurreratzen ere hasiak dira: hezkuntza akordioa praktikoki nola gauzatu Euskal Herriko heziguneetan.

Xede hori jarraituta bildu ziren atzo Donostian hezkuntzaren jiran lanean aritzen diren hamar bat eragiletako kideak eta ordezkariak, Nazio Eztabaida Guneko Hezkuntza Batzordearen magalean. Sortzen-Ikasbatuaz, EHBE, Partaide, LAB, ikastola publikoetako eta priba- tuetako irakasleak eta zuzendariak, Ikasle Abertzaleak, EHUko ikasleen kontseilua... Elkarte eta eragile ugarik hartu zuten parte jardunaldietan, eta bertan egin zituzten tailerretan.

Eskubideak nola bermatu?

Jardunaldietan hausnartu beharrekoak hiru ataletan bereiztu zituzten, eta atal bakoitzeko tailerrak ere ez ziren berberak izan. Hala, hezkuntza eskubideak, publikotasunaren inguruko kontzeptu berria eta hezkuntza komunitatean osatu beharreko elkargunea izan ziren hizpide.

Eskubideen atalean ondoko tailerrak egin zituzten: Euskal Curriculuma, euskalduntze prozesua, emigranteen afera, unibertsitate sistema, hezkidetza eta parte-hartzea. Ondorioetan esan bezala, sei azpiataletan ariketa orokorra eta galdera berari erantzuna bilatu nahi izan zuten: zer egin daiteke hezigune desberdinetan hezkuntza eskubide horiek bermatzeko?

Hezkuntza sistema aldatzeko, gizartea iraultzearen beharra nabarmendu zuten bertan, eta horren baitan, hezkuntza esparrua iraultzea nahitaezkotzat jo zuten. Are gehiago, hezkuntza esparrua jendartea iraultzeko aktibo gisa ulertzen baitute. Heziguneei begira, irakasleengan kokatu zuten ardura nagusia iraultze hori eman dadin; hala, irakasleen formakuntza beharra izan zen jasotako ondorioetako bat.

Publikotasuna dela-eta, egungo esparrua ere irauli eta eskubideen planoa eta herritartasun izaera gailendu beharra dagoela azaldu zuten. Sozializazio dinamika jorratzekoan zailtasunak egon arren, elkargunea horretarako baliagarria izango delako ustea agertu zuten.

Eskubideak modu praktikoan garatzeko gune bat, elkargunea, osatzeko beharra ere nabarmendu zuten; Euskal Herriko heziguneen arteko bateragunea izateko funtzioa izan behar lukeela ondorioztatu zuten Donostian.

Praktikoki

Euskal Herriko oinarrizko hezkuntza akordioa oinarritzat hartuta, bere gauzapen praktikoa nola egin beharko litzatekeen izan zen Nazio Garapenerako Biltzarrak sustatutako eztabaidon muina.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo