GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazteriaren egoerari «buelta emateko» konpromisoak hartu dituzte Burlatan

Amaiur sarea eztabaida prozesuaren ildotik, Nafarroa osoko 100 bat gazte bildu zen atzo Burlatako kultur etxean gazteriaren egoeraz hausnarketa bat egin eta ezker abertzaleak hartu beharreko konpromisoak zehazteko helburuarekin.

Iker IRIARTE

Askotan salatu dute euskal gazteriak duen egoera ez dela batere xamurra eta hori aldatzea gazteei haiei dagokiela. Egoerari «buelta emateko» prozesu horretan aurrerapauso bat gehiago eman dute Nafarroako «gazte independentistek», eta beren ekarpenak egin dituzte.

Nafarroa osoko ehun bat gazte bildu zen atzo Burlatako kultur etxean orain hilabete batzuk Amaiur Sarea eztabaida prozesuarekin batera ezker abertzaleak aurkeztu zuen gazteriaren egoeraren gaineko «zirriborroari» beren ekarpenak egiteko.

Eztabaida horren helburua, azaldu zutenez, «gazteok dugun egoeraren azterketan sakondu eta egoera horri buelta emateko ezker abertzaleak hartzen dituen erronkak eta konpromisoak borobiltzea» da.

Aurkezpen orokor batekin eta bideo emanaldi batekin hasi ziren topaketak, eta jarraian, zirriborroak ezartzen dituen gaien edo ildoen araberako lan taldetan banatu ziren: euskara, hezkuntza, sozio-ekonomia, kultura eta baloreak, eta errepresioa.

Beste politika bat

Topaketetan, ezker abertzaleko gazteek «eskura ditugun bitarteko politiko eta instituzional guztiak, nazio mailan, Nafarroan eta herri guztietan beste gazte politika bat bultzatzeko erabiltzeko» konpromiso «zehatza eta sendoa» agertu zuten. Hori «integrala», «gazteriarentzako bizi baldintza egokiak bermatuko dituena» -etxebizitza, lan, babes sozial eta, balore eta kultura ereduak garatzeko aukera duinak- eta gazteriaren hitza eta erabakitzeko eskubidea errespetatuko dituena» -gazteriaren parte-hartzea bermatuta- izango dela azaldu zuten.

Taldekako lanak egin ondoren, gazteriari buruzko zirriborroari ekarpen modura gehitzeko ondorioak adostu zituzten. Batetik, «kultura, balore eta bizi eredu askatzaileak» bultzatzea erabaki zuten, eta gazteek kudeatutako espazioak babestu, aldarrikatu eta gaztetxe proiektuak bultzatzea. Hezkuntza arloan, ikastetxeetan antolatu biltzeko ikasleen eskubideen alde egitea erabaki zuten, bai eta 97ko foru dekretua «bertan behera» uztearen alde ere.

Gazteek etxebizitza izateko eskubidea «garatzea» bultzatuko zutela ere adierazi zuten: etxe hutsak kudeatuta, alokairu publikoa eta merkea indartuta eta okupazioa despenalizatuta. Azpikontratazioa eta behin-behinekotasunarekin amaitu eta gazteriaren lan duinerako eskubidea bermatzea ere defendatuko dutela aurreratu zuten. Azkenik, gazteriak «dagozkion erabaki guneetan parte-hartzeko baliabideak martxan jartzeko konpromisoa» ere hartu zuten.

Konpromiso sendoa

Ezker abertzaleko gazteek konpromiso «zehatza eta sendoa» agertu zuten «eskura ditugun bitarteko politiko eta instituzional guztiak» maila guztietan beste «gazte politika bat bultzatzeko» erabiltzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo