Futbola, besta eta aldarrikapena bat eginik euskal presoen aldeko txapelketan
HENDAIA
Hendaiako Ondarraitz hondartzak presoen aldeko futbol txapelketa jaso zuen atzo, «euskal preso politikoen aldeko futbol xapelgoa». Laugarren edizioa izan da aurtengoa, eta aurrekoen antzera, atzokoa ere biziki arrakastatsua izan zen antolatzaileen arabera. Hirurogei bat taldek hartu zuen parte kirola, besta eta aldarrikapena uztartzen dituen lehiaketa berezi honetan, eta giro paregabea izan zen uneoro lehiakideen artean; «eguraldia ere gurekin izan da», adierazi zuten.
Omenaldia senideei
Txapelketari goizeko 9.00etan ekin zioten futbol jokalariek, eta eguerdian euskal preso politikoen hainbat senideri omenaldia egin zieten. Ipar Euskal Herriko 14 presoen senide bana igo ziren taula gainera, eta bakoitzari lore sorta bana eman zioten.
Horren ondotik herri bazkaria egin zuten, eta bertan, 700-800 lagun inguru bildu ziren giro paregabean. Bazkariaren eta sari banaketaren ondotik, musikaren ordua iritsi zen eta Lubaki batukada taldeak eta Mossin Nagant, Ufestuek, Feos Pero Majos eta MAK taldeek oraindik indarrean zirenak dantzan eta saltoka jarrri zituzten.