Peñaren Eguna egin dute Iruindarrok Gazte Peñako kideek
IRUÑEA
Iruindarrok Gazte Peña sortu zenetik urtebete baino gehiago igaro da jadanik eta atzo, Peñaren Eguna egin zuten taldeko hainbat gaztek.
Eguraldiak nahi adina lagundu ez arren, egitarau bete-betekoa izan zuten gazteek, eta musikak, nola ez, garrantzi handia izan zuen egun osoan. Eguerdian, jai guztiak hasten diren bezala ekin zioten egunari; suziriarekin. Ondoren, trikiti doinuez alaiturik egin zituzten bazkarira arteko uneak. Otordua, kalean bertan egin nahi izan bazuten ere, La Unica peñaren egoitzan egin behar izan zuten azkenean kalean egiteko baimenik lortu ez zutelako. Arratsaldean, eta giro paregabean, «Gazte Olinpiadak» egin zituzten Gaztelu Plazan eta azkenik, 19.30tan Elektrotxarangarekin batera kalejiran ibili ziren.