GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ehunka lagun, PSNren eta UPNren jarrera salatzeko EHEren martxan

IV. Hizkuntza Eskubideen Eguna egiteko ordu batzuk besterik falta ez zirenean, EHEk manifestazioa egin zuen atzo Atarrabia eta Burlata artean bertako Udalen jarrera salatzeko asmoz. Izan ere, gaur Azpeitian egingo duten eguna hasiera batean Atarrabian zegoen aurreikusia, baina bertako Udalak debekatu ondotik, Burlatakoaren ezezkoa iritsi zen. Hala ere, aldarrikapena eta jaia uztartuko dira gaur Azpeitian.

ATARRABIA

Ehunka lagunek hartu zuten parte atzo arratsaldean Euskal Herrian Euskaraz-ek antolatu eta Atarrabia eta Burlata batu zituen manifestazioan. IV. Hizkuntza Eskubideen Eguna ospatzeko bezperan, bi udalerri nafarretako agintari diren PSN eta UPN alderdien jarrera gaitzetsi zuten mobilizazioaren bidez, horiek ukatu egin baitie EHEri Hizkuntza Eskubideen Eguna bertan egitea. Hala, gaurkoan, Azpeitia izango da aldarrikapena eta jaia uztartuko dituen egunaren agertoki.

«Euskara ofiziala herri guztietan, Euskal Herrian» lemarekin -IV. Hizkuntza Eskubideen Egunaren lelo bera- 600 bat lagunek egin zuten protesta atzo Atarrabian eta Burlatan. Bi udalerriotan agintzen duten PSNk eta UPNk ukatu egin zuten Hizkuntza Eskubideen Eguna bertan egiteko aukera, eta debeku horri erantzutearren antolatu zuen EHEk atzoko martxa.

Bi pertsona identifikatuak

Polizia espainolaren zaintza- pean egin behar izan zuten manifestazioa, eta hasieran ez bezala, martxaren amaieran ika-mikak izan zituzten manifesta- riek poliziakideekin. Izan ere, euskararen ofizialtasuna aldarrikatzen duen prezintoa itsatsi baitzuten bi udaletxe horien ateetan, eta bi lagun identifikatu zituen Polizia espainolak.

Zanpantzarrekin eta ahoan txilibituak zituztela egin zuten protesta manifestariek, eta amaieran Euskal Herrian Euskaraz-eko kide batek hartu zuen hitza plaza nagusian egin zuten ekitaldian.

PSNren eta UPNren jarrera salatzeaz gain, egunero herritarrek Euskal Herrian duten «hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa» salatu zuen. Egoera iraultzeko, Euskal Herriak bestelako esparru bat eta euskararen ofizialtasuna ezinbesteko dituela aldarrikatu zuen.

AZPEITIA

Euskararen ofizialtasuna aldarrikatuko dute gaur Azpeitiak jasoko duen IV. Hizkuntza Eskubideen Egunean. Goizetik hasiko da jai giroa eta 13.00etan manifestazioa egin ondotik ekitaldi politikoa izango da Herriko Plazan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo