GARA > Idatzia > Txirrindularitza

TXIRRINDULARITZA UCI Pro Tour

Igor Antonek beste urrats bat egin du Romandian

Euskaltel-Euskadiko igotzailea etapa nagusian gailendu zen, Dekker, Horner, lider berria, eta Gadret gaindituta, eta bigarrena da. Erlojupekoarekin amaituko da gaur itzulia eta Savoldelli da faborito.

Unai IRARAGORRI | BILBO

Euskaltel-Euskadi taldeak lehoikumea du, eta atzo beste atzaparkada bat eman zuen. Izan ere, Igor Antonek garaipen itzela erdietsi zuen atzo Romandiako Tourreko saio nagusian eta Galdakakoa bigarrena da sailkapen orokorrean, Chris Horner (Predictor) australiarraren atzetik. Gaur, erlojupekoa azken etapa da eta itzulia erabakiko du.

Miguel Madariagak eta Igor Gonzalez de Galdeanok itxaropena dute Anton, talde euskalduna urte gehiago emateko tropel profesionalean. Igotzaile petoa da 24 urteko gaztea eta hirugarren denboraldia du Euskaltel-Euskadin. Iaz, dohainak erakutsi zituen eta denak aho irekita utzi zuen, Espaniako Itzuliaren etapa bat eskuratuta. Atzo, beste erakustaldi bat eman zuen UCI Pro Tourrean.

Saoiak lehenengo mailako lau mendate zituen, azken helmugan. Bizkaitarrak erasoa jo zuen bost kilometrora, euritan, eta Horner, Dekker (Rabobank) eta Gadret (Ag2r) txirrindulariek harrapatu zuten. Edonola ere, indarrak gorde zituen Antonek eta aurkariak menderatu zituen esprinean. Hain zuzen, Dekker gainditu zuen, Rabobank kumea, hain justu ere. Bi horiek etorkizun zabala dute.

Euskaldunak izan ziren protagonistak etapa osoan; izan ere, Lopez (Caisee) eta Txurruka eguneko ihesaldian sartu ziren. Goiz egin zuten hanka hamar txirrindularik -Cofidiseko Moncoutie erori egin zen eta ospitalera eraman zuten-, baina ez ziren helmugaratu.

Azken mendatean, Gomez Marchantek (Saunier Duval) erasoa jo zuen igoeraren lehendabiziko kilometroetan. Edozein kasutan ere, Antonek besterik ez zuen aldea lortu, Horner, Dekker eta Gadret txirrindulariek azken kilometroetan harrapatu bazuten ere. Baina euskaldunari ez zitzaion garaipena ihes egin eta Euskaltel-Euskadi taldeko hirugarrena eskuratu zuen.

Lider berria Horner da eta Anton bigarren da, Savoldelli 15 segundora heldu baitzen. Dena den, italiarra da faboritoa Romandiako Tourra irabazteko gaurko 20 kilometroko erlojupekoa alde duelako

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo