GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Herriari, Saharari eta Galiziari so egingo diete Aranzadiren VIII. Arkeologia Jardunaldiek

Aranzadi elkarteak antolatuta, Arkeologia Jardunaldiak egingo dituzte bihartik aurrera Koldo Mitxelena Kulturunean. Euskal Herrian, Saharan eta Galizian egindako aurkikuntzak izango dituzte ardatz.

DONOSTIA

"Neandertalak Euskal Herrian'' goiburuko hitzaldiarekin jarriko dira abian VIII. Arkeologi Jardunaldiak bihar. Joseba Rios Axlor eta Arlanpe kobazuloen indusketa arkeologikoen zuzendariaren mintzaldiak irekiko du, hain zuzen ere, aste osoan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egingo duten egitaraua.

Neandertalen gizarteak Erdi Paleolitoan garatu ziren batik bat, eta gure lurraldean garai hartako hainbat arrasto aurkitu dira Abauntz, Amalda, Arrillor, Axlor edo Leizetxikin, besteren artean. Horien inguruan egiten ari diren ikerketei esker jakin dute neandertalak gure tankerako gizakiak izan zirela eta garatuz joan ziren bizimodu anitzak zituztela. Joseba Rios aditua gaiaren inguruan arituko da 19.30eko saioan. Sarrera librea da bai lehen berbaldi honetan bai eta gainerakoetan ere.

Asteartean, Mendebaldeko Sahararen iraganari begiratuko diote jardunaldiotan. Izan ere, 2004. urteaz geroztik, Euskal Herriko eta Saharako ikertzaileek osaturiko lan taldea ari da inguru horretan azterketak egiten. 2007an eginiko azken aurkikuntzen berri emango ditu Andoni Saenz de Buruaga arkeologoak.

Gaurkotasun osoa duen Praileaitz I haitzuloan eginiko indusketak jorratuko dituzte asteazkenean. Berton egiten ari diren lanen zuzendari Xabier Peñalver izango da aurkikuntza garrantzitsuak eman dituen haitzulo honi buruzko argitasunak emateko.

Cies uharteetan kokaturik dauden kastroen gainean jakin-minak duenak horien inguruan sakontzeko aukera izango du ostegunean. Manuel Garcia Valdeiras arkeologoak lehen eskuko informazioa ekarriko du, Burdin Aroko kastroetan lanean ari baita. Bere taldeak duen filosofia eta aurrera daraman metodologia izango dira berbaldiaren ardatz nagusi.

Aranzadik egiten duen azken proposamenak, ostiralekoak alegia, Munibe Taldearen aurkikuntza arkeologikoak jasoko ditu. Mikel Sasieta eta Juan Mari Arruabarrena gonbidatu dituzte. Duela 50 urte abian jarritako ekinbideari begiratuko diote hitzaldi horretan, taldeak erabilitako metodologia eta aurkitutako aztarnategi nagusiak azalduko dituzte.

PRAILEAITZ I

Gaurkotasun osoa duen Praileaitz I haitzuloan egindako indusketa arkeologikoak izango dira asteazkeneko hitzaldiaren ardatz, Xabier Peñalver aztarnategiko zuzendariarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo