Errugbia Agilera
Finalerdiak gertuago ditu Biarritzek atzo irabazita
Dimitri Yachvili izan zen lapurtarren jokalaririk onena atzoko partidan
Jon LEUNDA | BIARRITZ
Biarritzek garrantzi handiko garaipena eskuratu zuen Stade Françaisen aurka, eta Ligako finalerdietan izateko urrats garantzitsua egin zuen, baina garaipen horrek ez du ezer erabakitzen, Perpinyanek ere euskaldunak bezainbeste puntu baitituzte.
Hala ere, partidaren hasiera oso txarra izan zen, frantziarrak hamar minututan 0-10 aurretik baitziren. Transformatutako entsegu bat eta zigor-kolpe bat nahikoak izan ziren, partida hasi bezain azkar horrelako tartea zabaltzeko.
Biarritz, ordea, ez zen kikildu eta aurrera joan zen, partidaren bila, joan den astean Perpinyan egin zuen bezalaxe. Yachvilik zigor-kolpe bati esker, markagailua murriztea lortu zuen, eta oren erdia betetzerako partida berdindu egin zuen. Bosch argentinarrak entsegua egin zuen, eta Dimitri Ychavilik transformazioarekin ez zuen hutsik egin, eta berdinketa jarri zuen markagailuan. Hortik atsedenera ez zen gehiago mugitu, eta berdinean joan ziren atseden hartzera. Partida nola hasi zen ikusita, emaitza ez zen txarra, nahiz eta lapurtarrentzat ez zuen ezertarako balio
Bigarren zatiaren hasieran, indartsu ekin zion talde zuri-gorriak, eta lehen hogei minutuetan Yachvilik bederatzi puntu egin zituen, bi zigor-kolpe eta drop bat gauzatuta. Beste zigor batekin erantzun zion talde frantziarrak, eta berriro ere emozioa jarri zuen markagailuan, nahiz eta Biarritz 19-13 ari zen irabazten.
Tarte hori ez zen nahikoa, edozein entseguk garaipena kolokan jartzeko arriskua baitzegoen, eta lapurtarrek erabaki egin nahi zuten. Gauza bat nahi izatea da, eta beste bat ahal izatea, baina Yachvilik, zigor batekin, erabaki egin zuen.
Ezinbestekoa zuen atzo Biarritzek garaipena, eta lortu zuen. Amaieran bazirudien finalerdietarako txartela lortuta zegoela, baina oraindik asko falta da, eta geratzen diren bi jardunaldietan lan handia egin beharko dute. Perpinyak ere irabazi egin du, eta puntu gehigarria ere lortu du, eta une honetan, nahiz eta bosgarren egon, lapurtarren bezainbeste puntu dituzte.
Beraz, geratzen diren bi jardunaldietan, irabaztea komeni zaio Biarritzi, eta puntu gehigarriarekin bada askoz hobe. Hori egiten baldin badu, ez du izango beste inora begira egon beharrik.