Mikel Aramendi Kazetaria
Olmert edo galtzailearen patua
Ez dakit Ehud Olmert, (oraindik) Israelgo lehen ministroa denak, gogoan izango ote duen Leopoldo Fortunato Galtieri Castelli jenerala. Edota noraino ezagutzen ote duen argentinar haren historia. Agian, asko ez. Duela 26 urte, hilabete batzuetan, Falkland-Malvinetako gerraren sasoian Galtieri mundu mailako informazioaren protagonista bihurtu zenean, Olmert bezalako diputatu arruntek arreta beste nonbait ipinia izango zutela igar liteke. Israelek Libano inbaditu eta 1982ko Gerra («Bakea Galilean» deitu zuten; zer izen polita gerra bat saltzeko) hasi zueneko egunak baitziren haiexek, hain zuzen. Beraz, antipodetan gertatzen ari zenaz ez ziren gehiegi arduratuko.
Hala balitz, Israelen bakanak ez diren judu argentinarretako edozeinek eman diezazkioke Olmerti argibide zehatzak Galtieriren harrokeria gogoangarriaz. Eta haren ondorioez. Komeniko baitzaio israeldar lehen ministroa (oraindik) denari argentinarraren aurrekaria gogoan izatea, berari egun gertatzen ari zaiona zuzen ulertu eta irensteko. Galtzailearen patua deitzen zaio.
Admoni Batzorde bezala hasi eta Winograd Batzorde bilakatuta bere lanak amaitu dituen goi-ikerketa taldeak ez dio zuzenki kargua utzi eta etxera joan dadin eskatu Olmerti. Baina halaxe ulertu du ia mundu guztiak haren ebazpena, erasoa kudeatu zuten guztienganako kritika latzez josia (erasoa beraren zuzentasuna ez da arbuiatzen, jakina, garaipena lortu ez izana baizik).
Olmertek eta Kadimako leialek ez dela horrenbesterako diote. Winograd Batzordeak gehien maiseatzen duena, Halutz jeneral-burua, etxera joana dela jada. Peretz, Defentsa ministroa ere kargua uzteko prest omen dagoela. Oraintxe ingurumarian duen kinka larrian, Israelen krisi politikoa zabaltzea suizida izan daitekeela... Esan gabe ere aditzen zaizkie gainera beste arrazoi potolo batzuk: krisia Kadimaren beraren akabera izan daitekeela, kasu. Sharon, bere sortzailea egun dagoen moduan geratuko litzakeelako bere alderdian, noski.
Duela hogeita bost urte Kahan Batzordearen eskakizunei entzungor egin eta Beginen gobernuan jarraitu zuen Sharonen aurrekaria hartuko du agian aintzakotzat Olmertek. Baina ez. Olmerten arazoa ez da ehunka edo milaka libanoar hil izana, baizik, halaz eta guztiz, berak hasitako gerra galdu izana. Galtierik bezalaxe.
Eta hiltzaileena baino patu gaiztoagoa izaten da galtzaileena.