Ixabel Etxeberria Irakaslea
Boz muturik ez
Donibane, Ziburu eta Getariko atentatuak izenpetu dituzte. Aurkariek ez dute bestelako zurrunbilorik sortu ekintza horien inguruan. Hegoaldean gertatu balira, sekulako makina piztuko zen ezker abertzaleko «bortitz» horien aurka, sekulako pekatuak asmatuko zizkieten. Hemen mespretsua da nagusi, salaketa ez dute entzuten, UMP eta PSko goi mailako politikarien oihartzuna izaten ibiltzea nahiago dute. Allioten kezka lehen ministro postua lortzea da, beraz, hemen dauden nortasunaren babesteko borrokak ez dira haren lehentasunetan sartzen.
Etxebizitza gehiago, salmenta gehiago, prezio altuagoak; hau da, ekintzaileek salatu nahi izan dutena. Beste salaketa motarik badago noski, eta Euskal Herria Bai koalizioa oso antolaketa garrantzitsua izanen da ondoko hilabeteetako lanen indartzeko. Baina, zer presentzia lortzen dugu orain, erabat baztertzen gaituzte eta goi mailako politikaz aseatzen gaituzte eta Parisko erabakiek ez dutelarik aterabiderik ematen. Noski, azken egunotan, hauteskundeak zirela medio, Senpererainoko bidea egin dute Barne eta Defentsa ministroek eta berehala diru zama agindu dute. Euskal Herritarrek orain arte oso «ongi» bozkatzen dutenez, horrela jarraitzeko animo pixka bat emateko gisan. Dirua oso tresna egokia izaten da jendearen lokartzeko.
Hori guzia abilezia politikoa da, tresnak dituzte iritzi publikoaren manipulatzeko, berdin zaie ondorioak oso larriak badira ere, Estatu Batuek erakutsitako ereduak Iraken, forma guziak gainditu baititu.
Hemengo politikariek ez dute inongo proiekturik Euskal Herriarentzat eta ederki asumitzen dute. Ondorioz, eztena nola sartu horrelako zurrunbiloan? Laborariek eta kontsumitzaileek ekintza-salaketak egin dituzte genetikoki aldatutako haziei buruz debatea eskatzeko, oso modu paketsuan. Hauteskunde kanpainan egin dituzte, baina goi mailako politikari horiek eta ekonomilariek, empresa handiek kudeatzen dute gure geroa. Horientzat bost axola biztanleriak sentitzen edo eskatzen dituzten argibideak. Euskal Herriak, borroka mota horiek guziak baliatzen ditu eta entzuna izatea eskatzen du. Parekoak entzungor ditugu. Horretaz segur izan behar dugu. Zeren, horretaz jabetzen bagara, Euskal Herria Bai koalizioak geroa izanen baitu, elkarrekin lan egitea helburua izanen baita eta pisua, sinesgarritasuna izanen dugu eta gure eskakizunen aurrean mesprestsua ez da nahikoa izanen. Bozen garaian hautetsiak lortu behar ditugu, horretarako abertzaleen zerrendak ez dira sakabanatu behar eta herri anitzetan egingarria da. Azken ekintza horiei oihartzuna eman behar zaie ardura eremuetan, herriko etxeek ez dutenez gaitasun handirik, Herrien arteko Elkargoetan hor izatera eta pisua izatera iritsi behar dugu, bestenaz boz mutua izanen da gurea.