GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskararen normalkuntzan udalen konpromisoak galdegin ditu EHEk

Atarrabian eta Burlatan ezezkoa jaso ondoren, hirugarre-nean aidanez, Azpeitian egin zen IV. Hizkuntza Eskubideen Eguna. Euskararen ofizialtasunaren aldeko talaia eta hizkuntza eskubideen topaleku bilakatu zen atzo Azpeitia. Normalizazioa erdieste bidean udalek eta horiek egin dezaketen lan garrantzitsua izan zituen hizpide EHEk atzokoan. Hauteskundeen bezpera egunak direla-eta, ofizialtasunaren alde konpromisoak eskatu zizkieten hautagai guztiei.

Gari MUJIKA

Udal eta foru hauteskundeak bi asteren itzulian izango diren honetan, udalak euskararen normalkuntzarako ezinbesteko tresnatzat jo zituen atzo Euskal Herrian Euskaraz-ek eta segidan horiei galdegin zien euskal herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko konpromisoak hartzeko. Aldarrikapenok egiteko agertokia ere, nahiz eta aurreikusitakoa ez izan, Atarrabiako eta Burlatako udalen ezetza jaso ondoren, ez zen kasualitatezkoa izan; Azpeitian egin zuten IV. Hizkuntza Eskubideen Eguna. Hain zuzen ere, herritarren % 90 euskaldun duen eta orain hilabete batzuk justizia espainolak bertako euskara ordenantzak errefuxatu dituen herrian.

Larunbatean Atarrabia eta Burlata batu zituen manifestazioko lelo berarekin, «euskara ofiziala herri guztietan, Euskal Herrian», egin zuten atzokoan Azpeitian IV. Hizkuntza Eskubideen Eguna. Egun osoko egitaraua irekitzeko Hizkuntza Eskubideen Aldeko IV. Nazio Bilkura egin zuten eta 80 euskaltzalek parte hartu zuten. Bertan ere, udalak eta hauek euskararen normalizazioan duten garrantzia izan zuten hizpide.

Bilkura amaitzearekin batera, Udaletxeko arkupeetan euskalgintzako hainbat erakunderen materialak ikusten edota erosten ari ziren lagunekin, 200 pertsona inguruk manifestazioa egin zuten Azpeitiko kaleetan barna euskararen ofizialtasuna aldarrikatuta.

Euskararen lurraldean, Euskal Herri osoan, herritarren hizkuntza eskubideek etengabe eta iraunkorki urratzen direla izan zen EHEk behin baino gehiagotan nabarmendu zuen salaketa. Mobilizazioa amaitu eta herriko plazan egindako ekitaldian, salaketa hori oinarri hartuta, marko berri baten beharra aldarrikatu zuten. Egungo lurralde eta administrazio zatiketak eta legediak gainditu behar direla nabarmendu zuten, euskararen normalkuntza errealitate bilakatu dadin bederen.

Oholtzara igo eta hitza hartu zuten pertsona guztiek udalak eta beren lana izan zituzten ahoan. Azpeitiako EHEko kide batek, esaterako, ausardia eskatu zion bertako udalari; ausardia, justizia espainolak bertan behera utzi duen euskararen udal ordenantza bere horretan mantentzeko eta, era berean, bertan jasotako neurriak praktikara eramaten jarraitzeko. Are gehiago, berme gisa, Azpeitia Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) barneratzeko eskaera ere egin zioten.

Hautagaiei eskaerak

«Euskara Euskal Herri osoan eta herri guztietan ofiziala eta lehentasunezkoa izendatzea eta bermatzea eskatzen dugu. Euskararen normalkuntza helburu duten politikak behar ditugu eta horri erantzungo dioten udal araudi eraginkorrak», galdegin zien EHEko kide Eulate Zilonizaurrekoetxeak parez pare diren hauteskundeetan parte hartuko duten alderdi eta agintari politiko guztiei.

Euskararen normalizazioan instituzioen garrantziarekin jarraitu eta hautagai guztiei Udalbiltza nazio instituzioa berrantolatzeko konpromisoa har dezatela eskatu zien. Ostean, herri bazkaria eta musika kontzertuekin, jai giro paregabean jarraitu zuen festak Azpeitian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo