GARA > Idatzia > Kultura

Donostiako Kafe Antzokia zabaltzeko azken ukituen zain

Doka, Donostiako Kafe Antzokia, hurrengo asteotan zabalduko ditu ateak. Antigua auzoko 300 bat metro koadroko lokal batean dago, lehengo Kandelan. «Donostian eta inguruetan euskal kulturan dagoen hutsunea» betetzeko asmoa dute ekimenaren sustatzaileek.

Kristina MARTIN | DONOSTIA

Donostiak Kafe Antzoki bat edukiko du laster. «Hil honen bigarren edo hirugarren asterako zabaltzea espero dugu», esan zuen egitasmoaren bultzatzaileetako batek. Egun zehatzik ematen ez dira ausartzen. Horrelako gauzak «lanen arabera» izaten baitira, zehaztu zuen. Antigua auzoko Escolta kalean, lehen Kandela tabernak hartzen zuen lekuan, ari dira egunotan jo eta su langileak, taberna-antzokiari azken ukituak ematen. Doka izango du izena.

Bilboko Kafe Antzokia 1995ean sortu zen eta hamabi urteotan, publikoa oso zabala duen arren, batez ere euskaltzaleen ikur bihurtu da. Horren ostean, 2001ean Ondarroakoa zabaldu zuten, gero Elgetakoa eta azkena Durangon, biak 2004an. «Inbidia sanoa genuen, Donostiak ere horrelako ekimenaren beharra zuela uste genuelako», onartu zuen. Urteotan egon dira horretarako saiakera batzuk -Mundaiz inguruan egitasmoaren bat egon zen duela bost bat urte- baina ez dute fruiturik eman.

Duela urte bi eta erdi, ostera, zortzi laguneko taldea elkartu zen eta handik aspaldiko nahi hori gauzatzeko ideia indartu zen. Haien helburua Donostiak eta inguruko herriek euskal kulturan duten hutsunea bete eta aisialdia eta kultur mugimendua uztartzea ziren.

Bilbokoaren edota Durangoko Plateruenaren filosofia bera izan nahi du Dokak, baina bultzatzaileek ondo dakite lekua dutela muga. Antiguako lokalak 300 bat metro koadro ditu eta, beraz, ezin dira besteetan ohikoak diren formatu handiko ikuskizunak egin. Hala ere, espazioari egokitutako ikuskizunak aukeratuko dituzte.

Musika ekitaldiak egitarauaren oinarria izango dira, baina antzerkia, hitzaldiak, liburu, DVD edo musika aurkezpenak, mimoa eta moda desfileak ere lekua izango dute Donostiako Kafe Antzokian. «Jadanik ekitaldi batzuk lotzen ari gara eta datorren astean seguruenik jakinaraziko ditugu», adierazi zuen.

Oso ordutegi zabala

Euskarazko ekitaldiak ez ezik, «ingelesezkoak, flamenkoa, fado... ahal baldin badugu, behintzat, entzuteko eta ikusteko aukera eskainiko dugu», azaldu zuen sustatzaile taldeko kideak.

Dokak hartuko duen lokalak ordutegiari dagokionez duen udal baimen zabalak arrakastatsua izaten lagunduko diela espero dute. Hartara, gosariak ematen hasiko dute eguna eta gaua arte izango da zabalik. Ostiral eta larunbatetan eta jai bezperetan, gainera, 5.30ak arte zabalik egoteko aukera du.

Musika emanaldiak gehien bat asteburu inguruan programatuko dituzte, baina astegun buruzurietan ere zer ikusi eta zer eginik izango da. Ibaetako Unibertsitate kanpusa gertu dagoela kontuan hartuta, balizko publikoaren faltan, behintzat, ez dira izango. Hala ere, Antigua auzo bat dela jabetuta, bizilagunak errespetuz tratatzen saiatuko direla agindu zuten Dokaren sustatzaileek.

Inaugurazio kontzertu edota ekitaldi ikusgarririk ez dute buruan, «gauza xume bat» baizik, «gure lehentasuna inauguraziotik aurrera zerbait eskaintzea baita», argitu zuen.

Bultzatzaileen izenak ez dituzte oraindik jakinarazi nahi, baina tartean ezagunen bat edo beste egon badago. Ostalaritzarekin lotuta, baten bat, baina Plateruenako arduradunekin harreman oso estua dute eta haiek laguntza eta gomendio asko eman dizkiete. «Asko ikasi dugu haiengandik», esan zuen zortzi laguneko taldeko ordezkariak. Dena dela, bidea urratzearekin batera eskaintza eta kudeaketa moldatzen joango direla onartu zuten.

Apainketari dagokionez, tamaina kontuan hartuta, ez da Bilbon edo Durangon bezalako oholtza erraldoirik izango. Agertoki txikiagoa izango du eta apainketa, berriz, ez da kafe antzoki tradizional batena.

BOSTGARRENA

Euskal Herriko 5. Kafe Antzokia izango da, Bilbokoaz, Ondarrokoaz, Elgetakoaz eta Durangokoaz gain. Ez dute haien arteko harreman korporatiborik, baina Donostiakoak aurrera egiteko Durangokoaren laguntza handia jaso dute sustatzaileek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo