GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Irrati libreen topaketa, asteburu honetan Bilbon Irolak antolatuta

Algortako Irola irratiak hogei urte beteko ditu aurten eta, ospakizunez gain, irrati libreen gaineko hausnarketa batekin hartu nahi du urteurrena. Asteburu honetan, jaia eta eztabaida, bietarako parada izango da Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxean.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Euren arteko koordinazioa eta elkar ezagutza bideratzeko xedez antolatu ditu Algortako Irolak irrati libreen topaketak. Hogei urtez hedabidea aurrera ateratzeko borroka etengabean aritu ostean, elkarrengandik ikasterik badutela ikusi eta lau ataletan banatutako egitaraua dute eskuen artean: Irrati libreen despolitizazioa («musika programa gehiago, kontrainformazio gutxiago»), eguneroko jarduera, lege digitalaren eragina eta koordinazioa (trukaketak, foro birtualak...). Hala ere, proposamenak gustura jasoko dituztela nabarmendu dute. Ekitaldi horiez gainera, tailer ezberdinak eta kontzertuak ere izango dira (Lendakaris Muertos, Undecimo Mandamiento eta GBH, larunbatean).

Irratiko kideen esanetan, eredu berean lanean dabiltzan irratiek eztabaidagune baten beharra dute, aldaerak kasu, pairatzen dituzten arazoak bertsuak baitira guztien kasuan. Hartara, parte hartzeko gonbidapena egin diete irrati libre guztiei (batzuek jada eman dute baiezkoa, baita Euskal Herritik kanpokoek ere, Bartzelonako Radio Bronka edota Valentziako Radio Malva, esaterako). Lotarako lekua Kukutza gaztetxean atonduko dute eta otorduak ere bertan egingo dituzte. Izan ezin dutenentzat, jardunaldiak zuzenean eskainiko ditu Irolak.

Iralatik Irolara, eta Bilbora

Topaketen barnean, Irolak bere 20. urteurrena ospatzeko parada ere izango du eta, oroitarazi dutenez, auzolagunek 1987an lortu zuten Irala irratiaren lehenengo emankizuna gauzatzea. Lehenengo buruhaustea hedabidearen kokalekua izan zen eta, egokitze-lanen ostean, komun publikoak irratiaren egoitza bilakatu zituen. 1995ean auzo-emankizunetatik Bilbo eta inguruko herrietaraino iristea lortu zuen, eta horrek izen aldaketa ekarri zuen; Iralatik Irola Irratira (komunari «irol» ere esaten baitzaio). Bertako kideen esanetan, orain hiru urte eman zuen irratiak pauso handiena, web-orriaren sorrera eta honek dakarren hedatzearekin: «Aurrerapauso itzela izan zen, mundu osorako emisioa bultzatu baitzuen». Hala ere, sortzen ikusi zuen auzoarekin lotura ertsia mantendu du. Ez dira asko festetan egun propioa (kasu honetan, Irola Eguna) dutenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo