GARA > Idatzia > Kultura

Donostiako Kafe Antzokia zabaltzeko azken ukituen zain

Bilbok, Ondarroak, Elgetak eta Durangok bezala, Donostiak ere bere kafe antzokia izango du. Dokak, Donostiako Kafe Antzokiak, hurrengo asteotan zabalduko ditu ateak. Antigua auzoko 300 bat metro koadroko lokal batean dago, lehengo Kandelan. Egunotan, jo eta su ari dira langileak, gune berriari azken ukituak ematen. «Donostian eta inguruetan euskal kulturan dagoen hutsunea» betetzeko asmoa dute ekimenaren sustatzaileek.

Kristina MARTIN | DONOSTIA

Donostiak Kafe Antzoki bat edukiko du laster. «Hil honen bigarren edo hirugarren asterako zabaltzea espero dugu», esan zuen egitasmoaren bultzatzaileetako batek. Egun zehatzik ematen ez dira ausartzen. Horrelako gauzak «lanen arabera» izaten baitira, zehaztu zuen. Antiguako Escolta kalean, lehen Kandela tabernak hartzen zuen lekuan, ari dira jo eta su langileak, taberna-antzokiari azken ukituak ematen. Doka izango du izena.

Bilboko Kafe Antzokia 1995ean sortu zen eta hamabi urteotan, publikoa oso zabala duen arren, batez ere euskaltzaleen ikur bihurtu da. Horren ostean, 2001ean Ondarroakoa zabaldu zuten, gero Elgetakoa eta azkena Durangon, biak 2004an. «Inbidia sanoa genuen, Donostiak ere horrelako ekimenaren beharra zuela uste genuelako», onartu zuen. Urteotan egon dira saiakera batzuk -Mundaiz inguruan egitasmoaren bat egon zen duela bost bat urte- baina ez dute fruiturik eman.

Duela urte bi eta erdi, ostera, zortzi laguneko taldea elkartu zen eta handik aspaldiko nahi hori gauzatzeko ideia indartu zen. Haien helburua Donostiak eta inguruko herriek euskal kulturan duten hutsunea bete eta aisialdia eta kultur mugimendua uztartzea ziren.

Oso ordutegi zabala

Bilbokoaren edota Durangoko Plateruenaren filosofia bera izan nahi du Dokak, baina bultzatzaileek ondo dakite lekua dutela muga. Antiguako lokalak 300 bat metro koadro ditu eta, beraz, ezin dira besteetan ohikoak diren formatu handiko ikuskizunak egin. Hala ere, espazioari egokitutako ikuskizunak aukeratuko dituzte.

Musika ekitaldiak egitarauaren oinarria izango dira, baina antzerkia, hitzaldiak, liburu, DVD edo musika aurkezpenak, mimoa eta moda desfileak ere lekua izango dute Dokan. «Jadanik ekitaldi batzuk lotzen ari gara eta datorren astean seguruenik jakinaraziko ditugu», adie- razi zuen.

Euskarazko ekitaldiak ez ezik, «ingelesezkoak, flamenkoa, fado... ahal baldin badugu, behintzat, entzuteko eta ikusteko aukera eskainiko dugu», azaldu zuen sustatzaile taldeko kideak.

Dokak hartuko duen lokalak ordutegiari dagokionez duen udal baimen zabalak arrakastatsua izaten lagunduko diela espero dute. Hartara, gosariak ematen hasiko dute eguna eta gaua arte izango da zabalik. Ostiral eta larunbatetan eta jai bezperetan, gainera, 5.30ak arte zabalik egoteko aukera du.

Musika emanaldiak gehien bat asteburu inguruan programatuko dituzte, baina astegun buruzurietan ere zer ikusi eta zer eginik izango da. Ibaetako kanpusa gertu dagoela kontuan hartuta, balizko publikoaren faltan, behintzat, ez dira izango. Hala ere, Antigua auzo bat dela jabetuta, bizilagunak errespetuz tratatzen saiatuko direla agindu zuten Dokaren sustatzaileek.

Inaugurazio kontzertu edota ekitaldi ikusgarririk ez dute buruan, «gauza xume bat» baizik, «gure lehentasuna inauguraziotik aurrera zerbait eskaintzea baita», argitu zuen.

Bultzatzaileen izenak ez dituzte oraindik jakinarazi nahi, baina tartean ezagunen bat edo beste egon badago. Ostalaritzarekin lotuta, baten bat, baina Plateruenako arduradunekin harreman oso estua dute eta haiek laguntza eta gomendio asko eman dizkiete.

Dokak, tamaina kontuan hartuta, ez du oholtza erraldoirik izango, txikiagoa baizik. Apainketa, berriz, ez da kafe antzoki tradizional batena.

BOSTGARRENA

Euskal Herriko 5. Kafe Antzokia izango da, Bilbokoaz, Ondarrokoaz, Elgetakoaz eta Durangokoaz gain. Ez dute haien arteko harreman korporatiborik, baina Donostiakoak aurrera egiteko Durangokoaren laguntza handia jaso dute sustatzaileek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo