CFA
Golez gain, ezer gutxi ikusi ahal izan da Baionako neurketan
LUZENAC 1
Jon LEUNDA | BAIONA
Avironek irabazi egin zuen Luzenacen aurkako partida, eta sailkapeneko bigarren postuan jarraituko du. Dena dela, lehenengoak bakarrik dauka igotzeko aukera, eta Rodezek ia matematikoki helburua beteta dauka.
Jende gutxi batu zen herenegun gaueko partida ikusteko, eta ez da harritzekoa, han ez baitzegoen ezer jokoan. Etorri ez zirenek ere ez dute damutzeko premiarik izango, partida txarra izan baitzen erabat. Denboraldiaren tenore honetan lehian ezer ez duten bi talde neurtzen baldin badira, normalean neurketa kaskarrak izaten dira, eta horixe gertatu zen Baionan.
Lehen zatian Avironek bi aldiz bota zuen kanpotarren atera, eta bietan Giron gaztea izan zen protagonista, baina bere jaurtiketak kanpora joan ziren. Luzenacek, aldiz, ez zuen aukera bakar bat ere egin partidan.
Bigarren zatiaren hastapenean, berriro ere Gironek izan zuen aukera, baina bere jaurtiketa Gerogorik geratu zuen. Seigarren minutua izan zen partidako onena, minutu batean bi gol izan baitziren. Labarbek sekulako gola egin zuen, eta etxekoak aitzinetik jarri zituen, baina erditik atera, eta Mbina afrikarrak berdinketa egin zuen. Bost minuturen faltan, Bidegainek egin zuen garaipenaren gola.
Genetsek, galdu
Genetsek, berriz, 1-0 galdu zuen Stade Bordelaisen zelaian. Murukek egin zuen gola, 57. minutuan. Hauek jokatu zuten Genetsen: Cherreau, Dubroca, Pothet, Van Reusel, Lafitte (Dors), Ricaud, Ipek (Gueye, 63.m), Heckly, Lefebre, Poueys eta Elouari.