GARA > Idatzia > Pilota

Pilota Buruz buruko txapelketa

Irujo kanporatuta, Barriola handia hemen da berriro

Txapeldunak sakez min egin zion arren, Leitzakoa indartsuena izan zen txapelketako partida ederrenean

MARTINEZ DE IRUJO  20
BARRIOLA 22

Aritz SORZABAL | GASTEIZ

Abel Barriolak Juan Martinez de Irujo txapelduna kanporatu eta duela bost urte lortutako garaipena errepikatzeko prest dagoela frogatu zuen atzo. Gasteizko Ogetan jokatutako partida bikaina izan zen, tanto eta defentsa harrigarriez beteta.

Azkenean, Leitzakoa Iberokoa baino gehiago izan zen. Izan ere, egungo txapeldunaren tanto gehienak sakez edo lehen jokaldiaz baliatuta etorri baziren ere, Barriolak baliabide gehiago erakutsi zituen. Eskubikada indartsuen bitartez, urdinak piloteoa ia beti menderatu zuen. Era berean, txapelketan bete-betean sartuta egoteak ematen duen zorroztasuna bere alde izan zuen, Irujok ez bezala.

Gorriak hamaika pilota galdu zituen guztira, horietako sei alboko marratik kanpo bidali eta gero. Barriolak, berriz, frontoiari neurria hartuta zion, final laurdenetara iristeko hiru partida jokatu izanagatik.

Hain zuzen ere, Irujoren azken-aurreko hutsak partida erabaki zuen. Iberokoak pilota erraz bat txapa behera eraman zuen 20-19 irabazten zihoanean. Barriola menderatuta zuela zirudien, sakea bere alde zuelako. Baina ez zen hala izan, 0-3ko partzial baten bitartez, 20-22koa jarri baitzuen Leitzakoak. Sakez lortutako hirugarren tantoari esker igo zuen azken tantoa.

Atzean tanto bikainak geratu ziren, 4-7koa kasu. Barriolak buruz gain pasatu zion Irujori. Edo 10-9koa -Irujo aurretik lehen aldiz jarri zenean-, txapeldunak zabalera bidalitako gantxo zoragarri baten ondoren.

Faboritoaren momentu onenak ziren, 5-0 partzial baten bitartez, 12-9 jarri baitzen. Barriolak bere aldeko beste partzial batekin erantzun eta 14-15koa jarri zuen. Arratsaldeko tantorik ikusgarriena izan zen: Irujok Barriolaren bi paretei oso ondo erantzun bazien ere, Leitzakoa lurrera bota eta dejada eder bat bidali zuen txokora.

Barriolak garaipena lortu zuen azkenean. Behin norgehiagoka bukatuta, partida erdian hankan izandako zaintiratuari garrantzia kendu zion eta oso pozik agertu zen txapelduna kanporatzeagatik. Irujo, aldiz, ez zegoen batere konforme agertu bere jokoarekin. «Huts asko egin ditut, opari gehiegi» esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo