GARA > Idatzia > Euskal Herria

Martin jotzeagatik lau militar epaituko dituzte

2005eko urtarrilaren 13an, Armada espainoleko lau kidek Zutik-eko eta EHGAMeko kide Mikel Martin bortizki jipoitu zuten Donostiako erdigunean. Bi urteren ondoren, ostegunean izango da epaiketa. Fiskaltzak 18 hilabeteko zigorra eskatzen du; akusazioek, hiru urte.

GARA |

Ostiralean epaituko dituzte Donostian ustez 2005eko urtarrilaren 13an Gipuzkoako hiriburuko Urbieta kalean Mikel Martin Euskal Herriko Gay eta Lesbianen Askapenerako Mugimenduko (EHGAM) eta Zutik alderdiko kidea jipoitu zuten Armada espainoleko lau kideak. Orduan eman zizkioten kolpeen ondorioz, Martinek 137 egun behar izan zituen guztiz sendatzeko.

Egun horietako gehienak, 102, «ezindu» moduan pasatu zituen, eta oraindik ere aurpegian eta ezpainetan ageriko orbainak ditu. Izan ere, eman zizkioten kolpeengatik Errenteriako bizilagunak burezurrean eta aurpegian traumatismo ugari izan zuen, peroneko burua bere lekutik atera zioten eta ezker belauna puskatu zioten.

Fiskaltzak 18 hilabeteko zigor eskaera egingo du bi akusatuen kontra. Biak Martin jipoitu izateagatik. Gainera, bientzat, 6.000 euroko isuna eskatzen du. Beste bi militar espainolentzat, Fiskaltzak, jipoiak ez ekiditeagatik eta zauritutakoari laguntza ukatzeagatik, 4.200 euroko beste isun bat galdegiten du.

Bestalde, Mikel Martinen beraren akusazio partikularrak hiru urteko kartzela zigorra eskatzen du errenteriarra kolpatu zuten bi militarrentzat. Beste bientzat, 7.200 euroko isunak erreklamatzen ditu. Horretaz gain, 18.000 euroko kalte-ordaina eskatzen du. Eskaera horiekin bat egiten du EHGAMek eta Zutik-ek ordezkatzen duten herri-akusazioak.

Bi akusazio horien aburuz, egoerak badu larrigarri garbi bat. Izan ere, erasotzaileek «ideologia, naziotasun edo talde sozialeko diskrimazioarengatik» jo zuten biktimaren kontra.

EHGAMek 2005ean salatu bezala, urte horretako urtarrilaren 13an gertatu zen. Orduan, Donostiako Urbieta kalean lau pertsona -ondoren militarrak zirela jakin zen- hainbat kalte material egiten zebiltzan. Horrekin batera, ETA erakundearen eta Ibarretxe Planaren kontrako oihuak egin zituzten. Ondoren, Mikel Martinengana jo zuten lau gizon horiek, inguruan baitzegoen. Ez ziren isilik joan. Izan ere, errenteriarrari, «zuk ziur Ibarretxe Plana babesten duzula» edo «ziur ETArekin bat egiten duen horietakoa zarela» esan zioten, eta gero kolpeak ematen hasi ziren.

«Inpunitatea»

Fiskaltzaren akusazioaren arabera, bik bakarrik kolpatu zuten EHGAMeko eta Zutik-eko kidea, beste biek ez. Hala ere, haien bi kideek Martin jotzeari uzteko «inolako ekintzarik» ez zutela egin nabarmentzen du. Kolpeen ondorioz, Martinek konortea galdu zuen, eta Donostia Ospitaleko larrialdi zerbitzuetara eraman behar izan zuten. Donostiako Udaltzaingoak bi akusatu atxilotu zituen gau horretan bertan.

Epaiketaren harira, Zutik alderdiak orain bi urte gertatutakoaz eta etzi hasiko den epaiketaren inguruan irakurketa propioa plazaratu zuen. Erakunde politiko horrek esan zuen: «Mikelek `zorte txarra' izan zuen euskal herritarraren kontrako ehizan zebiltzaten espainiar ejerzitoko parakaidisten brigadako lau kiderekin topo egin izateagatik».

Horrekin batera, hau salatu zuen: «Oraindik ere ez dituzte erasotzaileak euren zereginetatik baztertu, eta euren deklarazio judizialerako eta identifikaziorako jarritako trabak handiak dira». Zutik-ek erabat arbuiatu zuen «ustez gizartea eta herritarrak zaintzeko sortutako gorputz baten kideek daukaten inpunitatea». Hala ere, hau onartu zuen: «Egoera honek ez du inor harritzen, jakina baita espainiar Estatuko Segurtasun Indarretako kideek daukaten inpunitatea».

Traba horien guztien berri izanda, Zutik-ek eskaera zuzena egin zuen, nahiz eta entzungo dieten «konfiantza askorik ez izan», atzo plazaratutako prentsa adierazpenaren bitartez. Bertan, alderdi horrek esaten du: «Gisa txar honetako pertsonek ezin dute ezta minutu bat bera ere euren lanetan jarraitu, eta eraso faxista honengatik jarri behar dieten zigorraz gain, berehala ejerzitotik kanporatuak izan beharko lukete».

Bide batez, Zutik-ek esan zuen: «Ejerzito eta gerrarik gabeko munduaren ideia berretsi egiten dugu, non bakea eta justizia soziala kontsigna bat izan beharrean obligazio bat diren mundu justuago eta hobe bat eraiki nahi baldin badugu».

Azkenik, Mikeli egindako erasoa salatzea anekdota hutsa baino gehiago, beste pertsona batzuen kontrako erasoak ez gertatzeko deia dela esan zuten.

ELKARRETARATZEA

Zutik-ek deituta, elkarretaratzea egingo dute ostiral goizean, Donostiako epaitegi aurrean. Bertan, Martini emandako jipoiak salatuko dituzte berriz ere. Horrekin batera, militarren «inpunitatea» gaitzetsiko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo