GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baionako bidezko merkatuak urte bat bete du, eta «bihurgune" batean dago

Hogeita hamabi ekoizle elkartzen dira Baionan izaten den bidezko merkataritzako merkatuan. Lekuko eta kanpoko ekoizpenak jartzen dituzte salgai, eta merkatuak urteurrena ospatzen du. Kari horretara, irauteko lekuz aldatzea ezinbestekoa dela diote antolatzaileek.

Ainize BUTRON |

2006ko maiatzaren erditsutan zabaldu zuten lehen aldiko Baionako bidezko ekoizpenen merkatua. Eta, geroztik, hilabetez hilabete, kontsumitzaileekin hitzordu finkoa jarria dute.

Hilaren bigarren larunbatetan, arratsaldeko hiruretatik seiak arte, Santa Espiritu auzoko Errepublika plazan elkartzen dira, izan ere.

Orotara, hogeita hamahiru ekoizle biltzen ditu merkatuak. Bertan, gasna, arraina, Ezpeletako piperra eta beste motetako elikagaiak saltzen dituzten lekuko ekoizleekin batera, Latinoamerikako edo Afrikako laborariekin harreman zuzena duten elkarteak izaten dira. Ekimena abiatu zutenetik urte bat igaro dela-eta, atzo azterketa egiteko ordua iritsi zen, bai eta etorkizunerako xedeak aipatzekoa ere.

Chantal Torre Han eta Hemen elkarteko kide eta merkatuko parte-hartzaileak hasieran finkaturiko helburuak bete dituztela nabarmendu zuen. «Bi eremutan lan egitea erabaki genuen: berezko merkataritzako ekoizpenen lekuko saltzaileak ezagutarazi eta gure arteko indarrak batzea. Komertzio mota hori konkretuki martxan jar daitekeela erakutsi nahi genuen», esan zuen. Eta, Estatu frantsesean Baiona horrelako merkatu bat sustatu duen herri bakarra dela nabarmendu zuen jarraian. Baina lanean aritu ondoren, merkatuari «hats berri» bat emateko garaia iritsi dela adierazi zuen. Eta, horretarako, Santa Espiritu auzotik alde egitea ezinbestekoa dela uste dute merkatuko sustatzaileek.

Merkatu estalia

Hartzea Lopez Gatuzain elkarteko ordezkariak merkatu baten xedea denboran egonkortzea dela nabarmendu zuen, eta bide horretan, bidezko merkataritzako merkatua «bihurgune batean» dagoela esan zuen. «Santa Espiritu urrun dago, eta merkaturako ez da egokia. Gauden lekuan geratzen bagara, ezingo dugu jarraitu», nabarmendu zuen. Horiek hala, Baionako Herriko Etxeari herriko merkatu historikoan jartzeko baimena eskatua diote. «Martxoan jarri ginen harremanetan. Oraindik ez digute erantzun, baina, printzipioz, ekainean bertan egon beharko genuke», bukatu zuen esaten.

Urteurrena

Urteurrena ospatzen dutela-eta, bihar, Baionako Atalante zinemagelan gaualdi berezia egingo dute. Bertan, bidezko merkataritza gaia jorratzen duen film bat agertuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo