GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eskubideen aldeko borrokan tinko jarraitzera deitu dute hainbat gazte errepresaliatuk

Etengabe urratzen dizkieten eskubideen alde borrokatzeagatik euskal gazteak jazarri eta zigortzen dituztela salatu zuten atzo hainbat gazte errepresaliatuk. Batzuk, esaterako, datozen asteotan espetxeratuko dituzte, eta beste askok epaiketei egin beharko diete aurre.

Gari MUJIKA |

«Gazte ta aske irabazi arte» goiburuarekin, lau gazte errepresaliatuk agerraldia egin zuten Donostian, estatuek gazteriaren aurka duten errepresio estrategia salatzeko eta aurrerantzean ere eskubideen aldeko borrokan euskal gazteak bere horretan manten daitezen. Izan ere, adierazi zutenez, nahiz eta haiek zigortu, «estatuen estrategiaren porrota» irudikatzen dute.

Urteotan, «euskal gazteen askatasunerako grina itzali nahian eta belaunaldi berriak borrokara ez batzeko ahaleginarekin», milaka gazte atxilotu, kartzelatu eta torturatu dituztela salatu zuten. Baina berek errepresio estrategia horren porrota irudikatzen dutela nabarmendu zuten.

«Gaur hemen baldin bagaude, borrokari lotu gatzaiolako da, eta borrokari lotu bagatzaio, aurreko belaunaldiek borrokarako ateak zabalik utzi dituztelako izan da», azaldu zuten. Euskal gazteriaren borroka amaitzea estatuek ez dutela inoiz lortuko adierazi zuten.

«Askatasunean oinarrituriko Euskal Herri baten alde lan egiteagatik» jazarri zaizkiela azaldu zuten; izan ere, besteren artean, etxebizitza eskubidearen alde, gaztetxeen aldeko borrokan edota hezkuntza sistema nazionalaren alde lan egiteagatik zigortu baititu justizia espainolak.

Espetxera datozen asteotan

Esaterako, «Jarrai-Haika-Segi auzi»ko epaia kaleratu zutenean, Ertzaintzak hainbat gazte identifikatu zituen epaia salatzen zuen pankarta bat jartzeagatik, eta orain auzia Auzitegi Nazionalaren esku dago.

Orain kasik lau urte, hezkuntzako LOU lege espainolaren aurka itxialdi bat egiteagatik 103 ikasle atxilotu eta auzipetu zituzten. Guztiei «erakunde terroristarekin kolaboratzea» leporatu nahi izan zieten.

Auzia, azkenean, bertan behera gelditu zen.

Etxebizitza eskubidearen aldeko Burlatako plataforma bateko gazte batzuk ere Auzitegi Nazionalerako bidean jarri ditu Polizia espainolak, higiezinen agentziak salatu eta etxebizitza duinak eskatzeagatik.

Larria da, baita ere, gazte donostiar baten eta beste hiru lagun gehiagoren afera. Datozen asteotan espetxeratuko dituzte, eta Ertzaintzak Hodei Galarraga eta Egoitz Gurrutxaga zendutako ETAko militanteen omenaldian atxilotu zituen.

Hala ere, gazteen eskubideen aldeko borrokan tinko jarraitzeko deia egin zuten gazte errepresaliatuok, «etengabe» ukatzen dizkieten eskubideak berenak egin eta aitortuak izan daitezen bide bakarra delakoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo