GARA > Idatzia > Kultura

Puntako taldeak kale kulturaren erakuslehio, Break On Stagen

Europatik etorritako zazpi talde lehiatuko dira aurten Break On Stage breakdance jaialdian. Kale kulturatik eratorritako dantza taula gainera igo eta Elorrion sortutako proiektuak Bilboko La Casillan izango du segida. Ikusgarritasuna eta mugimendu berritzaileak ez dira faltako lehiaketan eta Tote Kingen kontzertuak borobilduko du ekimena.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Kaleko artistek eszenatoki handiek eskaintzen dituzten baliabide teknikoak aprobetxatu eta erakustaldi are ikusgarriagoak eskaintzeko aukera izan dezaten du helburu Break On Stage jaialdiak. Orain sei urte Elorrion abiatu zen ekimena urteroko hitzordu bilakatu da jada eta, iaz «sarrerak ahituta» afixa zintzilikatu ostean Euskalduna jauregian (2.200 pertsona hartzeko lekua du), Bilboko La Casillak hartuko du aurtengo edizioa.

Aipatu dantza estiloa agertokira daraman jaialdia izatetik haratago, kaleko kultura sustatzeko eta ezagutzera emateko ekimena da Break On Stage. Eraikinak hiru gune zabal antolatzeko aukera eskaintzen duela-eta, nazioarteko breakdance lehiaketaz gainera, kaleko kulturen txokoa (graffitia eta irudiak, dantza elektriko eta robotikoa, kaleko poetak, ikus-entzunezkoak, skatea...) atonduko da batean eta Tote King eta Sotaren rap kontzertua izango da bigarrenean. Jaialdiaren izaerari eutsiz, hauen emanaldien barnean hainbat dantza erakustaldi izango dira eszenatokian.

Europako onenak agertokian

Breakdanceak berezko duen ikusgarritasuna eta eszenatokiak eskaintzen dituen baliabideak erabilita, nazioartean entzute handia izan eta maila bikaina duten zazpi talde lehiatuko dira agertokian.

Iruñean sortutako Team Rockers taldeak hartuko du euskal ordezkaritza. Nafarrei ez zaie arrotza Break On Stage lehiaketa, lehenengo edizioan parte hartu baitzuten. 2001 urtean, dantza garaikidea eta breakdancea uztartuta aurkeztu zituzten, mugimenduak argiekin sinkronizatu zituen «Un movimiento. Un ritmo» koreografiarekin, eta baita lehenengo postua lortu ere (Madrilgo Xtravagantzekin partekatu behar izan zutena, epaimahaiaren adostasun ezaren ondorioz). Oraingoan, esperientzia hartuta etorriko dira iruindarrak, orduko hirukotea seikote bihurtuta eta bakarkako lehiaketak alde batera utzita taldekako koreografietan buru-belarri sartuta.

Aurtengoan Madrilgo taldearekin lehiatu beharrik ez badute izango ere, Bartzelonatik etorriko den Fallen Angels handia izango dute parez pare, aipatutako Xtravagantz eta Addictos taldeetako kidez osatua dagoena. Taldeak eskuartean du Iberiar penintsulako Battle of the Year Iberica txapelketako titulua, euren ikuskizunen originaltasuna eta estilo nahasketari esker (power-move eta freezers) bereganatu zutena.

Estatu frantsesetik etorriko den Alliance taldea ere igoko da La Casillako eszenatokira. Hiru urte eskaseko ibilbidea badu ere, breakdancean eskarmentua duten partaideak bildu ditu eta, euren mugimenduen berritasuna tarteko, jarraitzaile ugari dituzte nazioartean. Iaz Evolution Europe Battle lehiaketa bere egin eta aurtengo martxoan Miamin izan zen seikotea, Evolution 3 txapelketan.

Alemaniako hiriburutik, nazioarteko talde onenetarikotzat hartua den B-Town Star etorriko da. Munduko B-Boy (breakdance dantzari) onenaren titulua eskuratu zuen gizonaren gidaritzapean (Flying Steps deitua), iazko nazioarteko Battle of the Year (BOTY) txapelketan hirugarren geratu ziren. Hauen ondotik, 2005ean Londresen sorturiko Soul Maverick taldea arituko da. Aurkeztu diren txapelketa orotan postu ona eta kritika hobeak jaso dituzte eta taldeko buru den Mousek hainbat bakarkako sari eskuratu ditu.

Parte-hartzaile gazteenak Herbehereetatik etorriko dira. Batez beste 16 urte dituzte Floor Burnin' taldeko kideek eta BOTYan lehiatzea lortu duen herrialdeko lehenengo taldea izan da. Gazteak izanagatik, sormen handiko taldea da eta old school eta powermoves estiloak nahastuz koreografia berritzaileak eskaini ohi dituzte. Azken lehiakidea Milango Banana Split izango da, estiloan zein koreografietan originaltasuna bilatzeagatik ezagun den taldea.

Epaimahaiari dagokionean, Addstars & Addictos taldeko Extremo eta Fase breaker-ak, dantza garaikidean aditua den Matxalen Bilbao eta Ballet Biarritz-eko koreografo den Adriana Pous izango dira aipatutako zazpi taldeen lana saritzeko ardura izango dutenak. Sari banaketa 23.30ean egitea aurreikusi dute antolatzaileek.

Fitxa

Data: Bihar.

Lekua: La Casilla (Bilbo).

Ordua: Ateak irekitzea 20.00etan. Saioak 21.00etan hasiko dira.

Sarrera: 10 euro.

Informazioa: www.breakonstage.com.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo