GARA > Idatzia > Euskal Herria

Errobi-Urdazuri eskualdean 3.500 etxebizitza berri beharko dira 2012ra bitarte

Errobi-Urdazuri Garapen Kolektiboaren Egitasmoak eskualdeko etxebizitzaren beharren inguruan azterketa egin du. Haren ondorioa: Ezpeleta eta Uztaritzeko kantonamenduetan 3.500 etxebizitza inguru beharko dira datozen bost urteetan.

GARA |

Uztaritze eta Ezpeletako kantonamenduak eta Azkaineko herria biltzen dituen Errobi-Urdazuri Garapen Kolektiboaren Egitasmoak hurrengo urteetan proiektu anitz eramango ditu aurrera. Aldi berean, ingurumen eta hirigintza eskumenak bere gain dituen GKEak ikerketa bat egin du eskualdean eta 2012ra bitarte bi kantonamenduetan 3.513 etxebizitza gehiago beharko direla ondorioztatu du.

Lapurdi aldeko 17 udalerritan 22 egitasmo garatuko ditu GKEak. 12 egitasmok behar duten finantzamendua lortu dute jadanik Akitaniako Kontseiluari eta Kontseilu Orokorrari esker. Orotara, 1.129.028 euro beharko dira egitasmo horiek aurrera ateratzeko.

Egitasmo nagusiak Itsasun, Senperen eta Luhuson egingo dituzte. Itsasuko gereziaren inguruan naturaren kontserbatoki bat eraikiko dute. Bertan, beste landareen artean gereziondo baratze bat egingo dute teknika esperimentalak aztertzeko. Senperen museo bat eraikiko dute xistera eta euskal pilota gaitzat hartuta; egitura horrek 300.000 euro balioko du. Luhusoko egitasmoa kulturari lotua izanen da; izan ere, herrian den antzoki handia hobeki hornitzea aurrikusten da. Hobekuntza honen bitartez, dagoeneko dagoen egituraren gehiago baliatzea helburua dute.

Uztaritzen hiru egitasmo jarriko dituzte abian. Nagusiak Landagoyen zerbitzu gunearen garapena aurrikusten du.

Etxebizitza berriak

GKEk egin aurrikuspenen arabera, hurrengo bost urtetan 3.500 etxebizitza baino gehiago beharko dira Ezpeleta eta Uztaritzeko kantonamenduetan. Hala ere, Estatuak egin Etxebizitzaren Premiazko Planean 2.000 etxebizitza eraikitzea aurrez ikusten du, azken kopuru hori Ipar Euskal Herri osorako aurreikusia baitago.

Etxebizitza txikien eskaera nabaria dela adierazi zuten Garapen Kolektiboko arduradunek. Gazteek eta pertsona helduek gela bateko edo biko etxeak behar izaten dituztelako. Gizartearen beharrak asetzeko eskualdeko hautetsiek ikerketa horren ondorioak kontuan izan ditzaten eskatu diete GKEko arduradunek.

EGitasmoak

Itsasuko gereziaren inguruan naturaren kontserbatoki bat egingo dute. Senperen euskal pilota eta xisterari buruzko museoa eta Luhusoko antzokia hornituko dute gela hobeki baliatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo