GARA > Idatzia > Saskibaloia

NBA

Golden State Warriorsek Utahri irabazi eta estutu egin du kanporaketa

GARA | OAKLAND

Mendebaldeko Konferentziako kanporaketak aurrera doaz. Utah Jazz eta Golden State Warriorsen arteko leihan, bart jokatu zen hirugarren neurketa.

Lehendabiziko bi neurketak Salt Lake Citykoek irabazi bazituzten ere, azkenekoan Oaklandeko taldea nagusitu zen 125-105. Bigarren laurdenean errotu zen etxekoen garaipena, 40-22ko partziala eskuratu baizuten.

Baron Davis antolatzailea izan zen etxekoen burua, 32 puntu eta bederatzi asistentziarekin. Jason Richardsonek 25 puntu saskiratu zituen eta Biedrins letoniarrak 13 puntu eta beste hainbeste errebote eskuratu zituen. Utahkoen aldetik Boozer, Okur eta Kirilenko nabarmendu ziren.

Amare Stoudemire kexu

Bestalde, aipagarria da Amare Stoudemire hegal-pibotak azaldutako kexua.

Phoenix Suns eta San Antonio Spursen aurkako kanporaketa banatan berdinketa lortuta, Texasko taldeko Bruce Bowenen «joko zikina» dela-eta oso haserre azaldu da Phoenixeko izarra.

«Bruce Bowenek Akilesen tendoiko atzealdean jo ninduen. Horren erruz ia gaizki erori eta lesioa nozitu nuen. Oro har, Spurs talde oso `zikina' dela deritzot eta NBAk zerbait egin beharko lukeela uste dut, joko garbiaren mesedetan», esan zuen Stoudemirek.

Bestalde, adierazpenak «ongi pentsatuta» burutu omen ditu hegal-pibotak. «Kantxan erantzun izan banu, taldearen kalterako zatekeen».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo