GARA > Idatzia > Euskal Herria

Igandean euskal eskola «on eta publikoaren» alde biltzeko deia egin dute

Urtero bezala, Iruñeko Takonera parkeak hartuko du Euskal Eskola Publikoaren jaia datorren igandean. Aurten, Mendillorriko Elorri eta Mendigoiti ikastetxeek antolatu dute, baina Euskal Herri osoko hainbat ikastetxeren laguntza izan dute. Jaia ziurtatua egongo da, baita aldarrikapena ere, Bai Eskolak Euskalduntzeari! ekimenaren eskutik.

Iker IRIARTE |

Lanean aspaldi samar hasi ziren arren, igandean egingo dute Euskal Eskola Publikoaren aldeko jai handia. Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak antolatzen du urtez urte, eta aurtengoa jaiaren hamabigarren edizioa izango da. Aukeratutako leloa «Eskola euskaldun-ona eta publikoa» da, eta euskal eskolak izatez euskaldunak eta kalitatezkoak direla aldarrikatu nahi dute hala.

Nahiz eta jaialdia Sortzen-Ikasbatuaz-ek bultzatu eta hein handi batean antolatu, prestaketen pisurik handiena eskola batek hartzen du urtez urte bere gain. Aurten, Mendillorriko bi ikastetxe -Elorri eta Mendigoiti- arduratu dira eta arduratzen ari dira antolaketaz. Urtarrilean lehendabiziko aurkezpena egin zuten, eta salgai jarriko zuten materiala, jaiaren abestia eta logoa, eta aurreneko programa bat aurkeztu zuten. Orduan, jaian era batera edo bestera lagunduko duten pertsona ezagunak agertu ziren: Porrotx, Iñaki Perurena, Abel Barriola, Lagunak futbol taldeko neskak, eta beste.

Antolakuntzaren deia

Atzo, alabaina, antolakuntza lanetan ari diren ikastetxeetako ikasle, irakasle eta gurasoen txanda izan zen, eta horiek ere datorren igandean Iruñeko Takonerara bertaratzeko dei bateratua egin nahi izan zuten. Bertan hainbat lan-taldetako ordezkariak izan ziren. «Tonbolako sari goxoen bila ibili diren lagunak, azpiegiturako lanetan oztopo guztiak gaindituz dabiltzanak, Euskal Herriko edozein eskolatan ikus daitezkeen kamiseta eta materialen arduradunak, kontuak egiten dabiltzanak, prentsarekin lanean dabiltzanak, ikuskizunez beteriko egitaraua osatzen ibili direnak, umeen danza taldeaz arduratzen direnak, rock kontzertuak lotzen ibili direnak, guztia koordinatu dutenak, eta abar», azaldu zuten.

Egitarauak, aurreko urteetakoekin alderatuta, berrikuntza batzuk dituela ere azaldu zuten. Nagusia, agian, jaialdia Takoneran egitea lortu izana. Bertan dagoen patinodromoa aprobetxatuta, skate eta txirrindularitza erakustaldiak ere egongo dira Antoniuttin. Beste alde batetik, aurten lehenengoz bazkari bat antolatu dute egun handi horretarako, baina txartel guztiak bukatu direla jakinarazi zuten.

Bai Eskolak Euskalduntzeari

Baina jai eremutik kanpo ere bada ekimenik egun horretarako. Izan ere, Bai Eskolak Euskalduntzeari! ekimenak, euskaldunduko duen eskola baten aldeko 100.000 sinadura baino gehiago jaso zituenak, kalejira baterako deia egin baitu iganderako. Hitzordua 11.00etan izango da Nafarroako Parlamentuaren aurrean, eta Iruñeko Alde Zaharreko kaleak zeharkatu ondoren, Takoneran izango du amaiera, Euskal Eskola Publikoaren jaiaren hasiera ekitaldiarekin bat egiteko, hain zuzen ere.

Horren xedea, Elorri eta Mendigoitiko ordezkariek adierazi zutenez, euskal irakaskuntzari egunez egun egiten ari zaizkion jazarpena ezagutaraztea da, eta horretarako aukeratu duten leloa «Garaia delako, Bai Eskolak Euskalduntzeari!» izango da.

ANTONIUTTI

Gune hori izango da aurtengo berrikuntza nagusietakoa -herri bazkariarekin batera-, eta bertako patinodromoa aprobetxatuta, skate eta txirrindularitza erakustaldiak izango dira.

kontzertuak

Rock kontzertuak arratsaldean jarri dituzte gazte jende gehiago erakartzeko, eta taldeak aproposak dira: Keu, Dikers, Stupenda Jones, The Governors, Impekables, Hiru Amets, Squadron Buck eta musikari ezagunek osatutako Jam Band-a.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo