GARA > Idatzia > Ekonomia

Gobernuak, CENek, UGTk eta CCOOk Nafarroako III. Lan Planaren luzapena aurreratu dute

Rebeka CALVO |

UGTk, CCOOk, Nafarroako Enpresarien Konfederakundeak eta Nafarroako Gobernuak indarrean dagoen Lan Plana 2008. urterarteko luzapena sinatu zuten Iruñean. Izan ere, datorren abenduaren 31n amaituko da orain indarrean dagoen 2005-2007 III. Lan Plana eta atzo azaldutakoaren arabera, «denbora honetan guztian ez du ematen beste bat egiteko betarik».

Lan Planerako 143,91 milioi euro bideratuko dituzte. Nafarroako Gobernuko buru Miguel Sanzek III. Lan Planaren helburua enpleguaren behin-behinekotasunarekin amaitzea dela esan zuen.

Nafarroako behin-behinekotasuna 2006an %32koa izan zen, %27,6koa 2007an eta 2008rako «Europaren parean» jarri nahi dute, «gutxinaka» %16 inguruan kokatuz. Hala ere, Planak aurten %18 lortzeko helburua zuen, gaur egun dagoena baino 14 puntu gutxiago.

Etorkinen papera

III. Lan Plana indarrean egon den urteetan behin-behinekotasuna altua izan dela esatean, Sanzek etorkinak izan zituen hizpide. «Kontuan hartu behar da azken urteetan etorkin asko etorri direla Nafarroara eta kopuruak altuak izan badira, hein handi batean horregatik izan da», azaldu zuen horren harira.

Nafarroako Enpresarien Konfederakundeko buru Jose Manuel Ayesak gainera, behin-behinekotasunaren arrazoiak, batez ere, lau direla argitu zuen: «Lan hitzarmenen deuseztapenen kostuak, malgutasun falta, lehiakortasuna eta enpresarien eremuan dauden zalantzak». Planak kritika gogorrak jaso zituen LABetik, sindikatu abertzaleak hitzarmen horretatik kanpo utzi zuten-eta, «jasaten dugun apartheid dela medio».

Bestalde, foru eta udal instituzioak berritzeko 15 egun besterik falta ez direnean «zergatik UGT eta CCOO sindikatuek Sanzen Gobernuari hitzarmen sozialaren argazkia oparitu dioten» galdetu zuen. «CEN patronalaren eta UPNren Gobernuaren neurriko bake soziala adosten dute eta, horren truke, abantaila ekonomiko ugari jasotzen dituzte». Horrela azaldu zuen LABek aurreko Plana bukatu baino lehen eta instituzioak berritzeko bi aste faltatzen direnean luzapena presaka sinatu izana.

Sindikatu abertzaleak gezurtatu egin zuen indarrean dagoen Planarekin behin behinekotasuna murriztu dela. Alde horretatik, gaur egun behin behinekotasunaren indizea Nafarroan %30,2 dela esan zuen eta zaila ikusi du urtea bukatu baino lehen Planak aurrez ikusten zuen %18ra iristea.

Gainera, istripuak ere ez dira gutxiago izan (30 2005. urtean eta horrenbeste iaz) nahiz eta UGTk eta CCOOk bina prebentzio ordezkari izan.

Halaber, ESK sindikatuak legealdia bukatu baino bi aste lehenago Planaren luzapena sinatzea gaitzetsi zuen eta Planak izango duen kostu altua gogorarazi zuen, batez ere, diru hori bakarrik enpresarientzat eta UGT eta CCOO sindikatuentzat izango delako.

Sindikatu horrek ere aurreko planek ez dutela bere helburuak bete esan zuen, batez behin-behinekotasuna eta emakumeen langabezi tasa murrizteko asmoak ezer hutsean geratu direlako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo