GARA > Idatzia > Euskal Herria

Poliziaren eta udaltzainen errepresioa salatu eta aurre egitera deitu dute Iruñean

Atzo egindako agerraldian, Askatasunak hirian dagoen errepresioaren analisia egin zuen, eraso dieten hainbat lagunekin batera. Felipe Gonzalez asteartean etortzean elkarretaratzea izanen dela jakinarazi zuten.

Jasone MITXELTORENA |

Askatasunak agerraldia egin zuen atzo, Iruñean, Polizia espainolaren eta udaltzainen errepresioa pairatutako hainbat lagunekin. Bertan ziren absolbitu dituzten bi zarauztar gazteak; atxilotu zituztenean egin zizkieten tratu txarrak salatu zituzten. 2005eko abenduan atxilotu zituen Polizia espainolak, eta joan den martxoan epaitu zituzten; hiru eta bi urteko kartzela zigorrak eskatu zituzten haientzat. Epaileak errugabetzat jo ditu. Gazteetako batek atzo kontatu zuenez, epaia «gazi-gozoa» izan da. «Urtebete baino gehiago eman dugu kartzelatuak izateko mehatxupean, eta hamabost egunetik behin sinatzera etorri behar izan dugu», esan zuen. Gainera, epaileak haien bertsioa ontzat eman arren, salatu zituzten tratu txarrak aipatu gabe utzi dituela gaitzetsi zuten. Poliziakide horiek berriro horrelakoak egiteko edo gertaera larriagoak izateko arriskuaz ohartarazi zuten.

Alderdi politikoekin bildu direla ere adierazi zuten: Nafarroa Baik, EAJk eta EAk ez omen zieten erantzun, eta Batzarrek eta Aralarek ez omen zieten ezer zehaztu. IUk, berriz, «ezer egiterik ez dagoela» esan zien. Bertzalde, eskerrak eman zizkieten Zarauzko gaztetxeari, Askatasunari, ezker abertzaleari eta babestu dituzten bi abokatuei, eman die- ten laguntzagatik. Herriko alkateak «hitz onak» izan arren, euren bertsioa ez zuela sinesten iduritu zaie.

Udaltzainen jarrera salatu zuen Askatasunak. Urtarriletik hona bertzerik gabe kalean zeuden hainbat gazte kolpatu, eraso eta jazarriak izan direla azaldu zuen. Adierazpen askatasunaren aurkako erasoak areagotu direla esan zuten; Iruñerrian kartelak jartzeagatik ezartzen ari diren isunak aipatu zituen.

Egoera amaitzeko deia

Poliziak eta udaltzainek duten inpunitatea gizartearen ezjakintasunean oinarritzen dela azaldu zuen Askatasunak. Horregatik, erasoak publikoki eta judi- zialki salatzeko eskatu zuten, eta indarkeria hori amaitu beharra dagoela esan. Boterean dagoen alderdiak bere politikaren arabera Polizia erabili egiten duela eta UPNk, PSOEk eta PSNk errepresioaren bidea aukeratu dutela azaldu zuten. «Konponbide demokratikoa ez izateko» erabiltzen dituztela esan zuten. Azkenik, asteartean Felipe Gonzalezen bisita dela-eta, hura «indarkeriaren adierazpen gorena» izanik, PSNren egoitzan protestatzeko deia egin zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo