Kirmen Uribe Idazlea
Gure bazterrak lanbroak
Artzeren olerkia hartzen dut gomutan egun lainotsuetan, «maite ditut maite gure bazterrak lanbroak izkutatzen dizkidanean. Zer izkutatzen duen ez didanean ez didanean ikusten uzten, orduan hasten bainaiz, izkutukoa, neure baitan pizten diren bazter miresgarriak ikusten». Testuak atentzioa deitu izan dit beti. «Maite ditut maite gure bazterrak» esaldiarekin hasten da, eta hasiera batean badirudi nor bere herria goratzen duten kanta batekin egiten dugula topo. Baina aurreraxeago ezustekoa emango digu kantak lanbroa aipatzen duenean. Kanta- ren arabera, lainoa nahi da bazterrak ez ikusteko, bestelako mundu bat irudikatzen hasteko, nor bere barruan baino existitzen ez den mundu bat.
Halako zerbait pentsatuko zuen Boris Vian idazleak «Lainoa» izeneko narrazioa idatzi zuenean iragan mendeko lehen erdialdean. Narrazioan lainoak hartzen duen herri baten istorioa kontatzen du Vianek. Lanbroagatik ezer ikusten ez denez, jendea kalera biluzik ateratzen hasten da gutxika gutxika. Eta ohiturak aldatzen hasten dira. Harremanak bestelakoak izando dira, ezer ikusten ez dela. Herritarrak zoriontsuak dira. Tamalez azkenean lainoa desagertu egingo da. Horrela, herritarrek erabakiko dute, biltzarrean bildu eta gero, begiak atera eta ordura arte bezala jarraitzea, ezer ikusi gabe.
Eta ikusten ez diren gauzak dira batez ere akatsak. Idazlea ez da ohartzen dituen akatsez, nahiz eta testuan arreta jarri, nahiz eta mila bider errepasatu papelean idatzitakoa. Badut nik horren kontrako erremedioa baina. Badut herrian ezagun bat akatsez ohartarazten nauena. Lauroigeita hamaika urte ditu gizonak baina ez du oraindik letrak ikusteko dohainik galdu. Juanito Arantzamendiri buruz ari naiz. Ederki asko fijatzen da hura nire deskuidoetan. Esate baterako, aurreko batean esan zidan elkarrizketa batean irakurri zidala Ameriketan faltan botatzen nituela etxekoak. «Faltan bota baino hobe duzu esatea hutsunea eduki» bota zidan gizon jakintsuak. «Etxekoen hutsunea daukat» esaten zutela bere garaian eta ederragoa begitantzen zitzaiola modu zahareña esatea.
Gainera, «Portukoplak» liburuaren gainean ere bazituela oharrak bota zidan. Hantxe esaten dudala, «Itsasoa laño dago» kanta zaharrari buruzko komentarioan `laño' hitzak ez duela esan nahi `laino' bolada batean uste zen bezala, `bare' baino. Itsasoa laño dago, itsasoa bare dago izango zen beraz. Ez pentsa hori nik neuk asmatu nuenik, hizkuntzalariei egin nien kasu liburuan hori idazterakoan. Bada Juanito adiskideak, euskaldun jatorren moduan, lehenik eta behin arrazoi nuela esan zidan, modu onean esan ere. Baina gero haren benetako ustea bota zidan jarraian: «tira, kostaldean lainoa dagoenean gehinetan itsasoa bare egoten da». Barre egin nuen haren ateraldiarekin. Esateko moduarekin batez ere, hasieran umil eta gero dandatekoa eman.
Gustuko izan dut beti halako izaera, eta nahiko nuke halako adimenak sekula ere ez lainotzea.