GARA > Idatzia > Gutunak

Alaitz zabaleta EHEko kidea

Berriz «Egunkaria»ren aurka

Egun hauetan Estatuaren makinaria berriz martxan jarri dela jakin dugu (noizbait gelditu da?). Euskararen (eta Euskal Herriaren) aurkako estatuen estrategian, beste eraso bat da. Oraingoan bere garaian «Euskaldunon Egunkaria» «kasuarengatik» auzipetutako zazpi lagunei egokitu zaie Espainiako epaitegien mehatxua beste behin ere pairatzea.

Zer dela eta euskararen aldeko jarduna kriminalizatzeko saiakera? Zergatik, euskarazko egunkari bakarra izan zenaren aurka, horrelako amorrua? Denok ezagutzen ditugu azken urteetan herri mugimenduari jarritako traba eta erasoak, eta horrekin batera euskarari egunero jartzen zaizkion mila oztopo eta debekuak: hasi eskolan euskaraz ikasteko eskubidea ukatuz, tokiko irrati eta telebistei lizentziak eskuratzea ezinezko eginez, herritarrek administrazioarekin duten harremana euskaraz izatea ezinezko bihurtuz (osasuna eta epaitegiak barne), poliziei euskaraz hitz egiteko eskatzeagatik jendea atxilotuz... euskarazko epaiketak eskatzeagatik kartzela zigorrak eskatu arte.

Estatuak errepresio itsuaren estrategia eroan bete-betean dihardu orain, azken mendeetan bezala. Egun, kazetariak torturatu eta epaitzen dira euskaraz lan egiteagatik, lehen haurrei eraztuna jartzen zitzaien eta zigortu egiten zituzten euskaraz bizitzeagatik. Hortik ateratzeko bide bakarra euskara bere eremu osoan babestuko duen ofizialtasuna eskuratzea eta lehentasunezko erabilera emanen dion Euskal Herriaren baitako hizkuntza politika garatzea da. Ezinbestekoak ditugu, (bizi)iraungo badugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo