GARA > Idatzia > Gutunak

julia garcia moreno Oñati

«Eskerrak» Pesa/Lurraldebus-i

Beste igande askotan bezala, duela bi aste ere Oñatin autobusa hartu eta Aretxabaletara joan nintzen hango lagun bat bisitatzera. Gurpildun aulki batean dabilen PERTSONA bat naiz, eta igande hartan, beste batzuetan ez bezala, ez nuen arazorik izan Aretxabaletara heltzeko (behin baino gehiagotan utzi naute Arrasaten). Baina arazoa Aretxabaletatik Oñatira bueltatzerakoan hasi zen. Aretxabaleta-Arrasate bidea egiten duen autobusa berandu iritsi zen, Arrasaten hartu behar nuen autobusa gu heldu baino 10 minutu lehenago joana zelarik. Ez arduratzeko esan zidaten, hurrengo autobusa ere (ordubete geroago), ezinduentzako egokitua zela-eta.

Ordubete itxaron ondoren, autobusa heldu zen azkenean, eta ez zen egokitutakoa. Gidariari azaldu nion gertatutakoa, eta kasik neu jarri ninduen guzti haren erruduntzat! Azkenik, bidaiariei eskatu behar izan nien laguntza autobusera igotzeko, eta lau gazte izan ezik, beste inor ez zen bere tokitik mugitu (eskerrik beroenak, bihotz bihotzez, lagundu ninduzuenoi). Are gehiago, asko protestan hasi zitzaizkidan egoera sortzen hasi zen atzerapenagatik...

Autobusera igotzeko erabiltzen diren eskaileretan eseri ninduten, eta bidaia osoan neu heltzen etorri behar izan ziren, nire zangoek ez bainaute eusten. Bidaia erabat iraingarria eta lotsagarria izan zen!

Kontatu dudan hau, nik eta nik bezala ezintasunen bat dugun PERTSONOK askotan bizi izaten ditugun egoeren adibide bat besterik ez da. Utzi dezagun alde batera hipokresia, eta onar dezagun aurreritziz eta burmuin geldoz betetako gizarte batean bizi garela (norainoko mina eta samina sortzen duten ulertzen ez duten burmuinak). Bukatzeko, Pesa/Lurraldebus-i eskerrak eman nahi dizkiot biziarazten dizkigun une «ahaztezinengatik», eta ezinduok beste edozein PERTSONA bezala mugi ezin gaitezen egiten duen ahaleginagatik. Kontuan izan kontatu dudana 20 kilometroren barruan gertatzen dela (Oñati-Aretxabaleta). Izan ere, guretzat Donostiara, Bilbora edo Gasteizera mugitzea pentsaezina izateaz gain, ezinezkoa baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo