GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Josu Jon Imazen aurka jo du Erraztik, itun politikoak Madrilen lortu nahi baititu

Euskal Herriko gatazkaren konponbidea ekarriko duen akordio politikoa alderdien adostasunaren ondoriotik etorriko dela adierazi du Erraztik, eta ez EAJk Madrilen lortu nahi duenaren ildotik.

 

DONOSTIA

Eusko Alkartasuneko presidente Begoña Erraztik EAJren asmoez hitz egin zuen, kasik bakarrik, alderdi abertzaleak atzo Donostian egin zuen ekitaldian. Madrilen hitzartutako akordioek Euskal Herrira bakerik ez dutela ekarriko ohartarazi zion EAJko buru Josu Jon Imazi, eta alderdi politikoen artean hitzartu beharreko akordio baten alde agertu zen, betiere autodeterminazio eskubidea barneratua izango duena.

Gipuzkoako Batzar Nagusietarako EAko hautagai Iñaki Galdosekin eta Donostiako alkategai Jaione Arratibelekin hartu zuen parte Begoña Erraztik hauteskunde kanpainako ekitaldian. Argi asko adierazi zuen Euskal Herrian jasangaitza izango dela «Madrilgo bulegoren batean» adostutako akordio oro. Eta zuzenean EAJko EBBko buru den Josu Jon Imazen jarrera gaitzetsi zuen, Madrilera PPrekin ETAren aurkako akordioak eskaintzera joan izanagatik. Bide horietatik jarriatuz gero Euskal Herrira bakerik iritsiko ez denaz ziur agertu zen EAko presidentea.

Hala, hauteskundeak igaro ostean prozesu politikoa martxan jartzeko prest agertu zen; baina prozesuak, bere aburuz, Euskal Herriaren «eskubideak itzultzea» aintzat hartu behar du, baita erabakitzeko eskubideak aitortzea ere. Helburu horiek lortzearren, Eusko Alkartasuna «kosta ahala kosta» lanean tematuko dela nabarmendu zuen.

«Emaitza demokratikoak»

Horregatik, Josu Jon Imaz PPrekin, «gauzak beti berdin egotea nahi duenarekin», eta PSOErekin, «arrakastarik gabe ETArekin negoziatuta bakea lortzen saiatu denarekin», itunak hitzartzera joan izana deitoratu zuen Erraztik.

Orain artean konponbidea lortzearren egindako lanak baliatuta, bakea erdiesteko bide bakarra alderdi politiko guztien artean hitzartutako akordio politikoa izango dela sinetsita dagoela esan zuen Begoña Erraztik. EAk norabide horretan lan egingo duela nabarmendu zuen.

Gogorrago aritu zen, ordea, Iñaki Galdos Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaia ekitaldi berean hitza hartu zuenean. Azken egunotan, herrialde horretako hautagi guztiek Irungo Ogasunean ustez egindako iruzurra dute hizpide, eta Galdos ere gai horri buruz aritu zen. Azpijoko «mafiosotzat» jo zuen ustezko lapurreta, eta EAk «politika, administrazio, eta zigor-ardurak eta ardura zibilak» exijituko dituela esan zuen.

Alde horretatik, sinesgarritzat jo zuen EAJk ustezko iruzurra argitzearren laguntza emango duela esan izana, baina ea Gipuzkoako Ogasun Saila beste alderdi baten esku uzteko prest dauden galdetu zion Markel Olanori, EAJko Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaiari.

Alderdien Legea «lardaskeria handia» dela esan zuen jarraian, eta hura aplikatzeak hauteskunde kanpainan ere ondorioak izan dituela. Baina, hala ere, EAko hautagaiaren esanetan, «guztiz demokratikoak eta zilegiak» izango dira datorren igandeko emaitzak.

Ezker abertzalea kritikatuko zuen segidan, udal eta foru hauteskundeotara aurkezteko «etxeko lanak ez dituelako egin», eta horregatik ontzat eman ditu, «zilegitzat», eguna iritsi baino lehen, udal eta foru hauteskundeon emaitzak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo