GARA > Idatzia > Euskal Herria

PSE, EAJ, EA eta PPren egoitzetara eraman dute AHTren aurkako protesta

Proiektuaren garapenean heldu den legealdiak berebiziko garrantzia izango duela-eta, AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek hainbat alderdik orain artean erakutsitako jarrera salatu dute, eta hautetsi direnei inposaketari ezetz esan diezaiotela eskatu diete.

DONOSTIA

AHTren aurkako protesta beste behin kalera irten zen atzo, eta «PSE, EAJ, EA eta PP proiektuaren bultzatzaile diren alderdien» egoitzetara eraman zuten. Hainbat herritan zuen egina deialdia AHT Gelditu! Elkarlanak, eta herritar ugarik erantzun egin zioten.

Mobilizazio horien bitartez elkarlanak gogor salatu zuen EAJ, PSOE, PP-UPN eta EAren jarrera, «egitasmoarekin aurrera jarraitzen baitute, inolako informaziorik eta parte-hartze sozialerako aukerarik eman gabe». Era berean, kaltetutako herrietan egin diren galdeketen emaitzei eta AHTren aurkako herri mugimenduak bultzatutako mobilizazioei muzin egin dietela kritikatu zuten.

Hauteskunde kanpainan murgildurik, alderdion diskurtsoen eta haien programen manipulazioaz mintzatu ziren AHT Gelditu! Elkarlaneko kideak. «Garapen iraunkorra, ingurumenarekiko errespetua, lurralde eta gizarte kohesioaren eta garraio publikoaren aldeko apustua kontzeptuek bete-betean egiten dute talka AHTren izatearekin berarekin», adierazi zuten.

Alde horretatik, heldu den legealdia erabakigarri jo zuten AHTri dagokionez, eta udalerri eta eskualdeetan ordezkaritza karguak eskuratzen dituzten pertsonek erantzukizun handiago izango dutela adierari zuten.

Horregatik, AHTren kalte ekologiko, ekonomiko eta sozialen inguruan zein jarrera duten publikoki ager dezatela exijitu zieten hautetsi direnei. AHT Gelditu! Elkarlaneko kideen esanetan, ez da zilegia udal eta tokian tokiko erakundeek eskumenik ez dutela argudiatzea «borondaterik izanez gero, asko baitute egiteko eta esateko».

Hautetsiei deia

Mobilizazioetan parte hartu zuten herritarrek, halaber, hainbat alderditako hautetsiei dei egin zieten, AHTren inposaketari «ezetz» esan diezaioten. Izan ere, haien esanetan, haien alderdietako zuzendaritzak informazioa ezkutatzen eta eztabaida publikoa bahitzen ari dira, eta haien konplize izan ez daitezen.

Hain zuzen ere, Gasteizko AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek atzo egindako protesta ekitaldian jakinarazi zutenez, hiriburuko hautetsiei interpelazioa egin diete, proiektuaren gainean duten iritzia azal dezaten. «Ondorio nagusia dugu AHTren alde agertzen diren horiek erantzun ere ez dutela egin; EB-Aralar eta EAE-ANV, aldiz, egitasmo horren eta parte-hartze, eztabaida eta informazio ezaren aurka azaldu dira», esan zuten.

Elkarlaneko kideen esanetan, EAJ, PP, PSE eta EA AHTren inguruan gertatzen ari den inposizioa babesten ari dira horrela. «Euren ohiko diskurtso irekia eta beste iritziekiko begirunetsua eta elkarrizketaren aldeko jarrera ipurtagerian agertzen dira oraingoan, non eta biziki garrantzitsua den gai baten inguruan», kritikatu zuten. Hori salatze aldera, kalejira egin zuten Gasteizko kaleetan barrena, «Eta zuri galdetu al dizute? EAJk, PSEk, EAk eta PPk AHT inposatzen digute» lelopean. Kalejirak, hain zuzen ere, lau alderdi horien egoitzak batu zituen.

Gasteizen ez ezik, beste hainbat herri eta hiritan egin zituzten proiektuaren aurkako protestak. Bilbon Sabin Etxearen aurrean batu ziren; Donostian, PSEren egoitzaren parean; Tolosan, Batzokiaren parean; Beasainen, Batzokiaren parean, Lakuntzan, PSEren egoitzan; Zumarra- gan, Batzokiaren parean eta PSEren egoitzaren parean; eta Arrasaten Erdi Aroko merkatuan informazioa banatu zuten.

«Paulino Luesma ez da inor aramaioarrak isilarazteko»

Paulino Luesma Gobernu espainoleko ordezkariak Aramaion hilaren 27rako antolatuta zegoen herri kontsulta geldiarazteko egindako eskaeraren gainean mintzatu zen Batasuna, eta Luesma Aramaioko bizilagunei zer egin behar duten edo ez duten esateko ez dela inor adierazi zuen. Haren esanetan, adierazpenok «agerian uzten dute Luesmaren alderdiaren PSEren talantea» eta aramaioarren hitza eragotzi nahi duela. Batasunaren esanetan, PSEk, EAJk bezalaxe, Aramaioko bizilagunen nahia errespetatu beharko du, eta, alde horretatik, errepresioa, gezurra, desinformazioa, manipulazioa eta kriminalizazioa alboratzeko eskatu zien.   GARA

bizikleta martxa

AHT Gelditu! Elkarlanak deituta, bizikleta martxa egingo dute gaur. 9.30ean abiatuko da Alegiatik, eta 10.30ean, Donostiako Boulebarretik. Proiektuak kaltetutako herrietatik igaro ostean, guztiak Andoainen batuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo