«Putxerazoa» salatu dute Fernandez Bermejoren aurrean
Gobernu espainoleko Justizia ministro Mariano Fernandez Bermejo Sestaon izan zen PSEren hauteskunde kanpainako ekitaldi batean parte hartzeko. Bisita hori baliatuta, ezker abertzaleko ordezkaritza batek hauteskundeetako «putxerazoa» salatu zuen Zapateroren Gobernuko kidearen aurrean.
SESTAO
PSEk ekitaldi politikoa egin zuen atzo, Sestaoko Kasko plazan. Bertan, Zapateroren alderdiko Justizia ministro espainol Mariano Fernandez Bermejok parte hartu zuen. Harekin batera, honako hauek egon ziren Ezkerraldeko herrian: PSEko ordezkari nagusi Patxi Lopez, Bizkaiko Foru Aldundirako hautagai Jose Antonio Pastor, Gobernu espainolak EAEn duen ordezkari Paulino Luesma, FEVEko presidente Dimas Sañudo, Sestaoko Udaleko PSEko zerrendaburu Jose Luis Mercos Merino eta Bilboko Udaleko hautagai Txema Oleaga.
Handik gertu, ezker abertzaleko hamarnaka lagun bildu ziren. Ordezkaritza independentistako kideek bertan zabalduta zegoen polizia autonomikoaren kidego bereziarekin hainbat tirabira izan zuten. Dena den, azkenik, Karmelo Landak eta Jone Goirizelaiak ertzainekin hitz egin zuten, eta «Herritarren borondatearen defentsan, no al pucherazo» leloarekin, protesta aurrera eraman zuten. Betiere, Ertzaintzaren begiradapean eta grabatzen zituzten bitartean.
Elkarretaratzean bertan, Goirizelaiak honakoa adierazi zuen: «Herri honetako hainbat herritarri berriz ere eskubideak urratu izanaren eta heriotza zibilera kondenatu izanaren azken erantzulea da Fernandez Bermejo». Gainera, Goirizelaiak nabarmendu zuenez, «Euskal Herrian hauteskundeetako Guantanamo» bati eustearen erantzule da Justizia ministro espainola.
Abokatu eta eledun abertzaleak militante ezkertiar eta independentistei haserrea EAE-ANVri boza emanez bidera dezatela eskatu zien. Azken alderdi hori baita, haren hitzetan, konponbidearen eta benetako esparru demokratikoaren alde lan egingo duela esan duen bakarra.
PSEren ekitaldi politikoa bukatutakoan, tentsiounerik handienak gertatu ziren. Izan ere, alderdi horretako buruzagiak kalera -PSEk Sestaon duen «Herriko Etxera»- bideratzen hasi zirenean, hainbat lagunek inguratu zituzten eta hauteskunde- iruzurraren eta ilegalizazioen kontrako kartelak eta oihuak jaurtitzen hasi baitziren. Afixek «No al pucherazo, iruzurrik ez» zioten. Horiek hala, hainbat gazte, Justizia ministro espainolaren eta beste agintarien atzetik ibili ziren horiek taberna barruan sartu arte. Hala ere, politikarien atzetik protestan joan ziren bitartean, ez zen istilu nabarmenik izan.
Fernandez Bermejo eta PSEko ordezkariak PSEren egoitzan sartu zirenean gertatu ziren bortizkeria unerik handienak. Izan ere, ertzainak eta PSEko politikarien bizkartzainak aldarrikapenak egiten ari zen jendearen kontra oldartu ziren.
Polizia autonomikoak kargatu egin zuen, eta sestaoar bati baino gehiagori borrarekin kolpeak eman zizkioten. Istilu horien erdian, ertzainek gazte bat atxiki zuten. Hala eta guztiz ere, nortasun agiria eskatu ondotik aske gelditu zen.
La gestión y transporte de los residuos radioactivos es un gran problema ias en caso de accidente sin previo aviso, a través de los mecanismos de control más habitualesmos de control más.