saskibaloia Tau Baskonia-Unicaja kanporaketa
Malagara bidean, larregizko konfiantza saihestu nahian
Maljkovicek «seriotasuna ez galtzeko» eskatu die jokalariei, igandekoa «beste kontu bat» izango dela sinetsita baitago entrenatzaile serbiarra
GASTEIZ
Lehenengo puntua arras garrantzitsua zen, eta aspaldiko ongien jokatuta irabazi zuen Tau Baskoniak, Unicajaren aurka, 92-65; ahul aritu zen. Alabaina, ostiraleko neurketa amaitu zenez geroztik, gaur 12.30ean jokatu beharrekoa dauka buruan Gasteizko taldeak.
Bigarren puntua erdiestea ez da erraza izango, Martin Carpena pabiloia jendez mukuru egongo baita, eta oso litekeena da, gainera, Sergio Scarioloren mutilek larunbatean baino amorru biziagoz jokatzea.
Konfiantza larregirik ez hartzearren, Bozidar Maljkovicek kontu handia eskatu zuen ostiral gaueko prentsaurrekoan, eta gaurko neurketa «beste kontu bat» izango dela argudiatu zuen.
«Nire jokalariek seriotasunez hartu behar dute kanporaketako bigarren partida. Hala egingo ez balute, gure kantxan egindako jokoa nekez errepikatuko lukete. Bestalde, neurketa zeharo ezberdina izango dela espero dut, batik bat Unicajaren zaleek giro beroa sortuko dutelako».
Hala ere, Otacecko entrenatzailea nahiko baikor azaldu zen bere gizonen egokierarekin.
«Baikor naiz fisikoki ongi baikaude, baina euforia oro baztertzea komeniko zaigu, igandekoa beste kontu bat izango da-eta. Bi neurketa gehiago irabazi behar ditugu oraindik kanporaketan aurrera egiteko», esan zuen Maljkovicek.
Rakocevicen hamar minutuak
Bigarren partidaren bezperan, mundu guztia Igor Rakocevicen ostiraleko balentriari begira ari da. Eskolta serbiarrak 33 puntu saskiratu zituen, kanporaketa batean 2003az geroztik egin den markarik onena. Harrigarriena, ordea, zera da: 33 puntu horietatik 31 hamar minuturen buruan sartu zituela.
«Ez zuen inporta nondik edo nola jaurtitzen nuen, ez nuela hutsik egingo uste osoa neukan uneoro. Jaurtitzaileoi halakoak lantzean gertatzen zaizkigu, baina, tira, ziur nago hemendik aurrera zorrotzago defendituko nautela», azaldu zuen Rako-k.
Halako puntu kopurua lortzeko arrazoien artean, taldekideen lana aipatu zuen, eta hura goraipatu zuen serbiarrak.
«Pase bikainak eman dizkidate, bai antolatzaileek bai beste kideek. Talde lan bikaina egin dugu, oso garrantzitsua baitzen guretzat irabaztea», esan zuen.
Saskibaloia ume behartsuentzat
Bestetik, Baskonia Fundazioak Buenos Airesko ume behartsuekin saskibaloia sustatzeko programa bat sortzen lagundu du.
«Ez da Ginobilirik atera nahi, umeei bizitza ikuspuntu berriak erakustea baizik», esan dute Argentinako sustatzaileek.