GARA > Idatzia > Kirolak

AIZKORA Urrezko lehiaketa

Olasagastik lortu du finala jokatzeko estreinako txartela

Larretxea 56 segundoko aldearekin heldu zen finalerdietako azkeneko lanera, baina han Igeldokoak saioa irauli, eta irabazi egin zuen

Jon LEUNDA | LEITZA

Joxemari Olasagastik lortu zuen atzo, Leitzan, Urrezko Aizkorako finala jokatzeko lehendabiziko txartela. Saioko azkeneko lanera Larretxea ia minutu bateko aldea zuela heldu zen, baina lan luzean galdutako denbora guztia berreskuratu zuen Igeldokoak, eta finalean izango da.

Jende asko batu zen Leitzako Amazabal pilotalekura lehen finalerdi hori ikustera; izan ere, maila nagusiko saioaz gain, 23 urtez azpikoen bat bazen, baita harri-jasotzaileena ere.

45 ontzakoa kolpeka moztuz abiatu ziren. Jarraian, tamaina bereko enborra erlojuz kontra erdibitu behar izan zuten. Hirugarren lanean, kana-erdiko bat zutik moztu behar izan zuten. Laugarrengoan, berriz, aizkolariek oinbiko bat ebaki behar zuten, eta azkenik, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu.

Azkeneko lanera bitarte, Larretxea nagusi izan zen. Kolpekakoan, 36tan erbitu zuen enborra, eta 44 behar izan zituen Olasagastik.

Erlojuz kontrakoan, 36 segundoan bota zuen 45 ontzakoa aizkolari nafarrak, eta bi gehiago behar izan zituen gipuzkoarrak. Kana-erdikoa zutik erdibitzen, Larretxeak minutu bat eta 37 segundo behar izan zituen, eta bi minutu eta lau segundo, berriz, Igeldokoak. Oinbikoarekin ere nafarra gailendu zen. 3.44 zen haren denbora, eta 4.03, Olasagastirena. Lan bakarra falta zen finalerdia amaitzeko, eta Larretxeak 56 segundoko abantaila zuen. Lan luzean, ordea, Olasagastik hasieratik bukaerara menderatu zuen Larretxea. Berahala hasi zen abantaila ateratzen, lan erdietara heltzerako, ia aurretik zen igeldoarra.

Azkenean hark aurerra egin zuen, eta finalerako txartela segurtatu. Azkeneko lana burutzen, 12 minutu eta 11 segundo behar izan zituen, eta Larretxeak, aldiz, 13 minutu eta 31 segundo. Lan guztiak egiteko, berriz, 19 minutu eta 40 segundo behar izan zituen Olasagastik; eta 20 minutu eta 4 segundo, berriz, Larretxeak. Olasagastik astebete itxaron beharko du orain finaleko aurkaria ezagutzeko; izan ere, datorren astean neurtuko baitira Nazabal eta Arrospide.

Atzo, Leitzan, 23 urtez azpikoen bigarren finalerdia ere jokatu zuten. Bertan, Jon Rekondo eta Aitzol Atutxa neurtu ziren, eta etxekoak irabazi zuen; Rekondok, alegia.

Hala eta guztiz ere, lehia estua izan zen, eta Rekondok garaipena eskuratzeko izerdi asko bota behar izan zuen, Atutxak, gainera, lan bikaina egin zuen. Hala ere, leitzarrak irabazi zuen. Lan guztiak burutzeko, 11 minutu eta 28 segundo behar izan zituen Rekondok, eta 12 minutu eta 30 segundo behar izan zituen Atutxak. Mugertza II.aren aurka jokatuko du finala Rekondok.

Harri-jasotzea

Urrezko harri-jasotze lehiaketako lehen faseko azkeneko jardunaldia ere jokatu zuten atzo, Leitzan, eta Izeta III.ak eta Eizmendik finalerdietarako txartela lortu zuten. Atzo, Telleria II.a eta Urrutia izan zituzten aurrez aurre, eta lan bikaina egin eta gero irabazi zuten. Guztira, 99 jasoaldi eman zituzten, eta 10.723 kilo berdindu. Galtzaileek 94 jasoaldi eman zituzten, eta 10.184 kilo berdindu zituzten bizkarraren gainean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo