GARA > Idatzia > Kultura

«Konturatu naiz tinbre propioa nuela eta nahi nuen ikusi noraino ematen zuen»

Maialen Errotabehere

Kantari bakarlaria

Maialen Errotabeherek bakarkako bigarren diska aurkeztu berri du, «Askatasunaren bidaia». Kantari lapurtarrak bere ahots magikoaren eta indartsuaren erregistro berriak eskaintzen ditu garapen artistikoaren adierazle. Lan berria aurkezteko kontzertua eskainiko du larunbatean, maiatzaren 26an, Baionako antzokian.

Idoia ERASO | BAIONA

Ezpela abesbatzarekin eta Hegalka taldearekin kantuan aritu eta gero, duela urte batzuk bakarkako ibilbideari ekin zion Maialen Errotabeherek. Oraingoan, heldutasun artistikoaren eta estilo pertsonalaren erakusle den diska berri batekin dator.

Zer berri eskeintzen du zure azken diskak?

Akustikoa da, kantuak akustikoki moldatutakoak. Duela urte bat ari naizela disko hori lantzen bi pertsonarekin, David Usabiaga kitarra jotzailearekin eta Philippe Alborrekin, diska hori denok artean egin dugu. David Usabiagak moldaketak egin ditu. Bada estiloaren aldetik urrats bat egin dudana, nire influentziak gehiago sentitzen dira diska horrretan. Ipar Amerikako musika folk, blues eta jazza biziki gustatzen zaizkit txikitatik eta diska horretan sentitzen da. Gero kantuen aldetik beti hainbat gai aipatzen ditut, baina gai nagusia askatasuna gelditzen da.

Diska honen sorkuntzan kolaborazioak jaso dituzu.

Bai, lehen aipatu ditugun David Usabiaga et Philippe Albor, baita ere nire aita; berak testu biziki ederrak idatzi ditu. Lauren artean egin dugu, neuk ere testu batzuk idatzi ditut, ez naiz autorea baina hara.

Nolakoa izan zen sorkuntza prozezua?

Agertokian izan gara elkarrekin Philippe Albor eta David Usabiagarekin, duela bi urte inguru hasi ginen. Zuzenekoekin hasi, eta handik sortu zen diskoaren ideia.

Ipar Amerikako influentziari dagokionez, badago kantu bat ingelesez, eta aurreko diskoan ere baziren bi.

Bai, betidanik batzuekin kantatzea usaia galdu dut, Ezpela taldearekin usaia ukan nuen eta horretan nahi nuen hori baliatu eta gonbidatu ditut bi artista ezberdin. Bata emazte amerikarra da, Julie Lambert folk-blues eta folk-jazza egiten duena, eta orain blues estiloan arrunt sartu da, Chicago Bluesekin etabar. Orduan hirukote bat osatu dugu kantu hori egiteko, eta Blind Boys of Alabamaren kantu bat hartu dugu, «People get ready» du izena eta gospel kantua da.

Haurrock taldearen kolaborazioa ere jaso duzu.

Bai, egina nuen Alegiak diskoa, Philippe Alborrek egin duena, Haurrock taldea zuzenduta, eta haiekin bi kantu egin nituen disko horretarako. Behar nuen haur talde bat «Izurri zabalak» kantuan aritzeko. Kantu horrek kontatzen du Manilan nola haurrek saltzen duten bere gorputzaren parte bat edo organoak, kola erosteko, drogatzeko, edo jateko. Nahi nuen indartu kantuaren haur alde hori haur ahotsekin.

Gai azkarra da hori.

Bai, baina uste dut azkarragoa gelditzen dela haurren ahotsekin, indartzen duela testua.

Hango haurren eta hemengoen egoeren arteko ezberdintasuna ere nabarmentzen du.

Hori da, entzuten da nola bizi desberdina duten haur horiek, zinez. Haur ahotsekin erratea ni baino hobekio ateratzen da. Kantu hori eman nahi nuen, baina nahi nuen zerbait ekarri eta ez nuen sobera moralizazioa egin nahi, eta pentsatu nuen haien ahotsekin hobeki pasatuko zela.

Zure ahotsari dagokionez, badira berritasunak disko horretan.

Bai, konturatu naiz nere ahotsa ez dela bakarrik akademikoa, lehen diskoan biziki lirikoa sentitzen zen nere ahotsan, horrela ikasi baitut kantuan, koro batean non teknika berezia baden eta konturatu naiz tinbre propioa nuela, eta nahi nuen entsaiatu noraino eramaten ahal nuen. Ahots jokoak badira, oihuak ere bai edo ahots biziki apala, horrelako aldeak erakutsiz ahotsaren alde biziki politak ateratzen dira, emozioak ezberdinak dira eta ahotsarekin emozio arrunt desberdinak adierazten ahal dira. Nahasten ahal dira biak zerbaiten adierazteko, emozioa eta ahotsa. Beraz, tinbrean ere antzeko zerbait pasatzen da eta moldatzen da emozioarekin; hitz egiten dugularik ez dugu doinu batean hitz egiten eta uste dut kantuan ere gauza bera dela, horregatik doinu biziki ezberdinak baliatu ditut.

Diska aurkezteko zuzeneko kontzertuekin hasiko zara berehala.

Bai, kontzertua heldu den maiatzaren 26an izanen da Baionako antzokian. Diskoaren aurkezpena eginen dugu. Bertan izanen dira ere bateria eta baxua, Jean-Michel Martino eta Gerome Martino aita-semeak. David Arriola ere izanen da saxofoian. Beharbada, Julie Lambert ere etorriko da, ikusiko dugu Pauetik etorri ahal den. Lehen diskaren hiruzpalau kantu ere emanen ditugu moldatuak eta gure saltsan, zuzeneko saltsa horretan moldatuak.

Beste kontzerturik ere eskainiko al duzue?

Bai, ekainaren 1ean Baionan izanen gara San Andres elizan Integrazio Batzordearen alde eta 2an Lehuntzen izanen gara. Ekainean promozioaz ere arduratuko gara, beraz denda batzuetan ere izanen gara diskoa aurkezteko. Udan normalean kontzertuak aterako dira.

Zenbait taldetan aritu zara kantuan, kolaborazioekin jarraitzea aurrikusten al duzu?

Bai, biziki maite ditut kolaborazioak, beti maitatu ditut eta uste dut beti maitatuko ditudala. Beste pertsona batzuk ezagutzea, eta haien mundu musikala ezagutzea, biziki interesgarria da eta ziur da segituko dudala. Baina horrelako proiektuetan sartzeko ez naiz ziur.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo