GARA > Idatzia > Gaurkoa

Iratxe Esnaola Arribillaga Informatika ingeniaria

Hauteskundeak 2.0

Estatu espainoleko Udal eta Foru hauteskundeak gainean ditugu. Eta ia egunero postontziak gainezka aurkitzen ditugu: hauteskunde-kanpaina. Informazio faltarik ez da: herriko udaleko zerrendak eta herrialdeko aldundirako hautagaiak; herri programak eta proposamenak; gutun-azalak eta bozak. Papera, papera eta papera: postontziak lehertu arte. Baina urtetik urtera paper birtuala gero eta indar gehiago hartzen ari da. Internet komunikaziorako kanal indartsu eta garrantzitsu bihurtu da alderdi politikoentzat. Eta ez da gutxiagorako. Internetek eskaintzen dituen aukerak anitzak eta mugagabeak baitira.

EAJ-PNV alderdiak bere berezko webguneaz gain beste bat jarri du martxan hauteskunde hauetarako: http://www.eginbehardugu.com. Webgune horretan bertan hainbat herritako ekimenen loturak eskuragarri daude. Adibide gisa, gertutasun hutsagatik, Zarauzko EAJ-PNVren webgunea: http://www.eginbehardugu.com/ zarautz. Bestalde, herrietako zerrendaburuek ere beren webgune propioak dituzte: ikus Zarauzko hautagaiarena, Imanol Lasarena, [http://www.imanollasa.com] edo Getxoko Imanol Landaren bloga [http://www.ilanda.eu]. Aipagarria da EAJ-PNV-ren webguneetako eduki guztiak copyright lizentziapean daudela, alegia, edukien egile eskubideak berentzat erreserbatzen dituztela.

EAk ere bere jatorrizko webguneari beste bat gehitu dio hauteskundeetarako: http://www.euskalherriaegitea.org. Alkategaien webguneak ere baditu, jakina, eta niretzat gertukoak diren adibideekin jarraituta, hona Zarauzko EAko zerrendaburuaren webgunea, Maite Etxanizena: http://www.maiteetxaniz-eazarautz.org. Bestalde, EAk oinarri sozialari ahotsa jartzeko 2.0 tresnak erabili ditu eta hortarako wiki teknologia hautatu du. Labur-labur, wikiak erabiltzaile askoren artean eta elkarlanean osatutako webguneak direla esan daiteke. Hau da EAko oinarri sozialaren wikia: http://www.ea2007.eu. Eta tresna berri bat ere erabili dute: twitter [http://twitter.com/]. Tresna honekin erabiltzaile batek uneoro non eta zertan dagoen adieraz dezake. Tresna bitxia da, ez denen gustukoa, baina hau ere erabileraren araberakoa da. Bere egunerokotasuna agertzen duenetako bat EAko Bilboko hautagai Jon Aritz Bengoetxea da [http://twitter.com/joanritz]. EAren webguneetako edukiak Creative Commons lizentziapean argitaratu dituzte. Kasu honetan egin duten aukeraren arabera, erabiltzaileok EAko webguneetako edukiak kopiatu, banatu eta jendaurrean banatzeko aske gara, baina eduki horietatik abiatutako lanik ezin dugu sortu.

Aralarrek eta EB-Berdeek koalizioan aurkeztea erabaki dute: http://www.ezkerbatua-aralar.com. Hasieran .es domeinupean jarri zuten [Estatu espainolaren estatu kodea interneten]. Egun, Europaren domeinupera garamatza .es jarrita ere [.eu]. Hauek ere herri bakoitzerako webgune propioak sortu dituzte, eta hona hemen jakina Zarauzko adibidea, blog forman: http://zarautz-ezkerretik.nireblog.com.

Nafarroa Baik bere webgunea hauteskundeetara egokitu du: http://www.nafarroabai.org. Bertatik proposamenen dokumentuak deskargatzeko, kanpainako bideoa ikusteko eta iritzi artikuluak irakurtzeko aukera eskaintzen digute, besteak beste. Era berean, buletinak posta elektronikoz izateko eta RSS jarioak jasotzeko aukera dago.

ASBk ere hauteskundeetarako webgunea sortu du: http://www.euskalherriberria.org. Bertan, artikuluak, bideoak eta argazkiak aurkitu daitezke, besteak beste. RSS jarioak jasotzeko aukera ere ematen du. ASBk hautagaiak aurkezten dituen webgune berezia sortu du: http://www.hautagaiak.info. Bertan, lau herrialdeetako aldundietarako zerrendak eta hiriburuetako alkategaien inguruko informazioa aurki daiteke. Aipagarria da edukiak copyleft lizentziapean zabaldu dituztela, alegia, egilea aipatuz gero informazio eta euskarri guztiak libreki erabiltzea ahalbidetzen du lizentziak.

EAE-ANVk albistegia eskaintzen du egunero 14:00etatik aurrera bere webgunean: http://www.eae-anv.org. Webgune honek ere RSS jarioa jasotzeko aukera ematen du eta edukiak copyleft lizentziarekin argitaratu dira. Kasu honetan ere herrietako ekimenen webgune propioak garatu dira, zerrenda «kutsatuak» izan edo ez. Adibide gisa, nola ez, Zarauzkoa: http://www.eaeanvzarautz.org.

PSOEk ere berezko webguneaz gain beste bat prestatu du espresuki hauteskundeetarako: http://www.psoe.es/ambito/municipalesyautonomicas2007/news/index.do. PSOEk multimediari bere txokoa egin dio eta telebista ere sortu dute http://www.psoetv.es webgunean. Herrietara egindako ibilbidean, Zarauzkoarekin egiten dugu topo: http://www.psoe.es/ambito/zarautz/ index.do. Eta alkategaiek ere badute beren webgunea. Ikus Donostiako udalerako alkategai Odon Elorzarena: http://www.odonelorza.com.

PPk ere aukera bera egin du: ohiko webguneari hauteskundeetarako bereziki sortutakoa gehitu dio, http://www.agendaparaelfuturo.es. PPk ere herrietako webguneak [http://www.ppzarautz.es] eta hiriburuetako alkategaien webguneak garatu ditu. Hona Donostiako hautagaiarena, Maria José Usandizagarena: http://www.usandizaga.org. Azken honetan euskararekiko izandako jarrera salagarria da. Webgunea publiko egin zutenean, euskarazko bertsioak erakusten zituen testuek ez zuten ez zentzurik ez esanahirik euskaraz. Gero, interneten izandako oihartzunak behartuta, berritu egin dituzte testuok. Baina halere, euskarak ez du gaztelaniaren tratamendu bera. Webguneko «auzoetako ekintzak» atala bakarrik erakusten digu euskaraz. Gainontzeko guztia gaztelaniaz dago, nahiz eta euskarazko bertsioan izan. Eta are gehiago. «Plan Donostia» erakusten duen lotura, gaztelaniazko bertsioan bakarrik ikus daiteke. Donostiako euskaldunentzako proposamenik ez, antza denez.

Gehiago edo gutxiago, eta analisi honen sinpletasunetik abiatuta, alderdi guztiek ulertu eta barneratu dute komunikaziorako tresna eraginkorra dela Internet: testuak ez ezik, irudiak, bideoak, elkarrizketak eta gainerakoak bildu eta erakusteko aukera ematen du. Boza eskatzen dietenei hitz egiteko aukera ematea ere garrantzitsua dela erakutsi [nahi izan?] dute, eta 2.0 tresnez baliatu dira horretarako. Egun, halere, internet erakusleiho bat gehiago da. Kaleak kartelez lehen bezain josiak ikusten ez ditugun arren, lehen eta orain, postontziak gainezka ditugu. Eta beharbada goizegi da Interneti bakarrik eusteko, baina paper gutxiago erabiltzea besteengandik ezberdindu eta hauteskunde-kanpainan erabiltzeko moduko argumentua da. Ikus bestela Zarauzkoa ez den adibidea: http://www.psoe-jun.org/electoralnet.htm.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo